Eusko Jaurlaritzak bere aurreikuspen ekonomikoak berraztertu beharko ditu

0

Gaur giozean EUSTATen Hiru Hileroko Kontuen Aurrerapena baloratzeko agerraldia egin dute Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak eta Jordi Campàs Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenak beherantz gainditzen dituzten datuak eman ditu, eta horrek esan nahi du irailean ziurrenik ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea berrikusi beharko dela. “Inoiz ezagutu dugun egoera bereziena bizitzen ari gara, bai bere berezitasunarengatik, bai osasun kolektiborako dituen arriskuengatik, eta baita sortu den krisi ekonomiko eta sozialaren sakontasunarengatik ere”, azaldu du Azpiazuk. “Dena den, egia da finkapenerako politika eraginkorra daukagula”.

Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Eustaten hiruhilekoko kontuen aurrerapenak berresten du euskal ekonomiak urte arteko BPGaren % 20,1eko beherakada izan duela bigarren hiruhilekoan, eta % 19,8koa enpleguan. Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurreikuspenak -% 13,4koa eta -% 10,7koa ziren, hurrenez hurren, BPGari eta enpleguari dagokienez.

“Bake garaian, historian ez dago bi digituetara iristen den antzeko jarduera jaitsierarik”, adierazi du Azpiazuk. Sailburuak azaldu duenez, “Salbuespenezko egoera bati salbuespenezko erantzuna eman behar zaio”.

Atzeraldi Handian ez bezala, oraingoan Europako erakundeak jasaten ari garen erronkaren mailan egongo dira. Europako Banku Zentrala zabaltzen ari den diru-politikak eta Next Generation EU Plana berriki onartu izanak, oraingoan egonkortze-politika eraginkorra izango dugula erakusten dute.

Hauek dira aurrekontuen ikuspegitik egonkortze-funtzio horren hiru baldintzak: 1) bolumena nahikoa izatea; 2) transferentziei dagokien osagaia handia izatea; eta 3) ahalik eta lasterren zabaltzea. Kudeaketa-eredua zein den jakin gabe, badirudi planaren %70a 2021ean eta 2022an gauzatzeko borondateak hiru baldintza horiek egia bihur daitezkeela adierazten duela.

Era berean, Estatuak, ERTEen bitartez batez ere, egonkortzeko abian jarri dituen tresnek ere egonkortzen laguntzen dute. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, pertsonak babesteko eta enpresen likidezia hornitzeko erantzun-neurri eraginkorrak hartu dituzte.

Egonkortzeko beste mekanismoetako bat Estatuarekin adostu beharreko aurrekontu-egonkortasunaren bide berria izango da; izan ere, 2020rako defizit handia aurreikusten da, diru-bilketa % 18 inguru jaitsiko dela kalkulatzen baita, eta horrek 2.000 milioi euro inguruko eragina izango du ekarpenetan.