Donostiako Portuko arrapalarako sarbidea mugatu dute

0

Donostiako portuko arrapalarako sarbidea mugatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, eta erabilera portu-zerbitzuentzat, larrialdi-zerbitzuentzat eta ontziren batekin ur-laminara sartu nahi duten erabiltzaileentzat gorde du.

Neurri hori hartzeko, kontuan izan dira COVID-19ren kutsatzeak prebenitzeko pertsonen pilaketak saihesteko osasun-gomendioak eta jarduera nautikoen segurtasuna zaintzen bermatzen delarik.

Azken egunetan jende pilaketak sortu dira, arrapalan pilatuta, eserita edo eguzkitan etzanda egon den jende andanak arrapala erabat okupatu dutelarik, distantzia sozialak errespetatu gabe eta sarbide hori galeraziz.

Egoera honek eragozpenak sortu ditu piraguak, belaontzi arinak, batelak eta traineruak uretara normaltasunez sartzeko, eta maniobra arriskutsuak eta liskarrak sortu dira kaia okupatzen zuten pertsonen eta ontziekin uretara sartu nahi zutenen artean.

Eusko Jaurlaritzak, beraz, dei egiten die herritar eta portuko erabiltzaile guztiei, arrapalaren murrizketak errespeta ditzaten eta aisialdiko jarduera nautikoak, ikastaroak eta portuko gainerako erabilerak guztiontzako beharrezko segurtasun-baldintzekin garatu ahal izan daitezen. Hartutako neurriaren helburua zerbitzu hori bermatzea da, bai eta portuko sarbide horretan COVID-19k gomendatutako osasun-jarraibideak kontuan hartzen ez dituztenak babestea ere.