‘2020ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria’ deialdia

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

“2020ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria” deitu du Euskadi Lagunkoiak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Matia Institutuarekin elkarlanean eginiko proiektuak.  Horren bidez nabarmendu egin nahi da Euskadin zahartzen ari diren pertsonentzat bizitzeko ingurune erreztaileak sortzean berrikuntzagatik eta lagunkoitasunaren aldetik eraginkortasunagatik nabarmen diren erakundeek eginiko jardunbideen balioa.

Lehiaketaren oinarrietara jotzea

Deialdi honetarako hautagaitza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta beren sektore publikoetako erakundeek aurkeztu ahalko dute, bai eta helbide soziala autonomia-erkidego horretan duten eta beren jarduera nagusia bertan garatzen duten pertsona juridiko pribatuek ere.

2015-2020rako Zahartze Aktiborako Estrategiak legegintzako erreferentzia gisa Gizarte Zerbitzuen Legea du; hark Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arretarako sare antolatu gisa ulertzen du, zeinak helburu baitu gizarte-integrazioari bide ematea eta pertsona, familia eta talde guztien autonomia. Horretarako, eginkizun sustatzailea, prebentziokoa, babeslea eta laguntzailea du.

Bere hiru arlo nagusietako bat lagunkoitasunari eta ongizatearen gizartea eraikitzen parte hartzeari buruzkoa da, eta haren helburua da Euskadin lagunkoitasunaren paradigma orokortu dadin sustatzea eta, horretarako, prozesu horretan zahartzen diren pertsonen protagonismoa eta parte-hartzea bermatzea.

Nagusiekiko inguruneen lagunkoitasunaren mugimendua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatuta sortu zen, 2005ean, Rio de Janeiroko Gerontologiako XVIII. Mundu Kongresuan, Age-Friendly Cities izenarekin. Munduko biztanleen bi joera bereizgarri izan zituen oinarri: zahartze demografikoa eta urbanizazio-prozesua.

Horrela, OMEren iritziz, ingurune lagunkoi batek bizitza independenterako, zahartze aktiborako eta autonomia pertsonalerako adore ematen du; horretarako, osasuneko, parte hartzeko eta segurtasuneko aukerak optimizatzen dira, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

Esparru horren barruan, “Euskadi Lagunkoia” proiektua sortu zen, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ekimen gisa. Ekimen horrek herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzen du, Euskadin zahartzen diren pertsonentzako bizitza-ingurune bideratzaileen sustapenean lagunkoitasun-mugimendua garatzeko.

Kontuan hartuta Euskadin lagunkoitasunaren arloko lanagatik nabarmenak diren eta zentzu horretan lan egiten duten erakunde, organismo eta pertsona asko daudela, Aginduaren helburua da “Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria” sortu eta, horrela, berrikuntzagatik eta eraginkortasunagatik nabarmenak diren jardunbide egokien balioa azpimarratzea.

Saria

Jardunbide bat egokia dela esateko, erreferentzia gisa UNESCOk Management of Social Transformation programaren esparruan 2003an eginiko proposamena hartzen da. Hartan, oinarrizko lau ezaugarri zehazten dira, gizarte-eremuan jardunbide egokiak zer diren identifikatzeko: berritzailea (irtenbide berriak edo sortzaileak garatzen ditu), eraginkorra (hobekuntzaren gainean inpaktu positiboa eta benetakoa erakusten du), jasangarria haren eskakizun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoengatik (denboran mantendu daiteke eta ondorio iraunkorrak izan) eta eredu gisa har daiteke (eredu gisa balio du, beste leku batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko).

2020 urte honetan, COVID-19aren pandemiaren egoeraren ondorioz, OMEren Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Erkidegoen Mundu Sarearen barruko hiri eta erkidegoak irtenbideak bilatzen ari dira, adinekoen onerako eta COVID-19ari erantzuten laguntzeko; beraz, hori kontuan hartuko da ekitaldi honen deialdian parte hartzen duten ekimenak balioesteko orduan.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza deialdi honen organo kudeatzailea da. Gaur, uztailaren 24an, EHAAn argitaratzen den eta 2020rako “Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria”ren deialdia onesten duen aginduak ezartzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango duela eragina, alegia, astelehenetik aurrera, uztailaren 27tik aurrera. Hautagaitzak aurkezteko epea 30 egunekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaia honako hauek eratuko dute: Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea; Pilar Sorando Zahartzaroa – Geriatria eta Gerontologiako Euskal Sozietateko presidentea; Koldo Aulestia AFAGI- Alzheimer Gipuzkoako presidentea; Beatriz Vazquez 3D Social Movement-eko kudeatzailea; Jose Manuel Odriozola  EUSKOFEDERPEN pentsiodun eta erretiratuen elkarteen lurralde-federazioko presidentea;  Mª Jesus Goikoetxea Giza Eskubideetako doktorea eta Psikologiako eta Teologiako lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, eta Saioa Landa Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria (ez du botorik izango).

Saria balioespen onena duen jardunbideari emango zaio, eta bidaia-poltsa bat izango da, 3.000 eurokoa, saritutako erakundeak lagunkoitasun-jardunbideren bat egiten duen erakunde edo entitateren bat bisitatzeko. Helmuga erakunde saridunak aukeratuko du, eta saria ematen duen organoari jakinaraziko zaio; helmuga hori hautatzeko motiboa behar bezala justifikatu beharko da.