Ez da Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetara sartzerik izango

0

Abuztuaren 4ko arratsaldean, Andre Maria Zuriaren eta Espainia plazetara sartzea ekiditeko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-zerbitzu berezi bat egingo dute, aurten ez baita jairik izango, osasun-larrialdiaren ondorioz.

Bertara ez joateko herritarrei helarazitako mezu andana gorabehera, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sarbideak kontrolatuko dituzte 16:30ean hasi, eta 19:00ak arte, koronabirusaren hedapena errazten duten jende-pilaketak ekiditeko asmoz.

Andre Maria Zuriaren plaza eta haren inguruak kontrolatzeko erabakia gaur goizean hartu da, Gasteizko Udalean bildu den Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio-batzordean. Bertan parte hartu dute Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga, eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez.

Bi polizia kidegoen koordinazio-bileraren amaieran, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek erabakiaren arrazoiak azaldu ditu: “Helburua da ekiditea 16:30etik 19:00etara bitartean jendea leku horietara joatea, hartara jende-pilaketak saihesteko”. Horrez gain, esan du bertan behera geratuko direla inguru horretako terraza eta mahaiak, ordutegi horretan ohi den bezala. Eta gaineratu du polizia gehiago egongo dela Gasteizko kaleetan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Urtaranek dei egin dio berriro ere herritarren kontzientziari, egun horiek jende-pilaketarik gabe igaro daitezen.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan du, ezen «Ertzaintzak eta Udaltzaingoak areagotu egingo dituzte patruila-lanak, egunaren eta orduaren arabera, bai eta planteatzen diren beharren arabera ere.  Orobat, osasun-arazo baten aurrean gaude, eta kontzientziari dei egin nahi diogu, dela norbanakoena, familiena eta kolektiboa.

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrezek ostalaritza-sektorearekin batera hartzen ari diren neurriak azpimarratu ditu. “Lankidetza hau –kasu honetan ostalaritza-sektorearekin– ez da inor izorratzeko asmoz, osasun publikoko arazo oso larri baten aurrean gaudelako baizik; horrenbestez, gure erantziikuzina eta eginbeharra da arrisku-egoerak oro saihestera bideratutako neurriak hartzea”.

Murrizketak inguruko ostalaritza-lokalei ahalik eta gutxien eragiten saiatuko dira. Horrenbestez, inguru horretako taberna eta jatetxeetan erreserbak dituztenek lasaitasun osoz egin ahalko dute jatordua. Lokaletik irtetean, poliziaren agenteek kontrolatutako ingurutik ere joan beharko dira.  Horrenbestez, agintariek indargabetu egin nahi dute polizia-lerroaren beri izatean erreserba-ezerezte andana bat gertatzea, ostalaritzari kalte egingo liokeen.