ICEBERG proiektua, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak berrerabiltzeko proiektu berritzailea

0
PRUEBA

Europako hamar herrialdetako 35 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute ICEBERG proiektuan. Proiektu hori Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Esparru Programak finantzatuko du (869336 kontratuaren arabera) eta helburu nagusia eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ohikoenak birziklatu eta berrerabiltzea da.

Berrerabiltzeko sistema eta teknologia berritzaileak diseinatu, garatu eta balidatzea da proiektuaren helburua, horiei esker balio handiko material berreskuratu fidagarriak ekoitzi ahal izateko (ezpurutasun baxukoak, % 8 baino gutxiago). Material hori industria mailan balidatzeko, sei ikerketa-kasu egingo dira Europako zenbait tokitan. Modu horretan honako material hauen berrerabilpena aztertuko da: hormigoia, egurra, igeltsua, apar isolatzaileak eta material superisolatzaileak. Eraikuntzako hondakinetatik birziklatutako materialen segurtasuna eta onargarritasuna hobetu nahi da era horretan.

Izan ere, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketaren arloan azken bi hamarkadetan aurrerapen handiak egin diren arren, aurrerapausoak eman behar dira oraindik eraikuntzaren eta eraispenaren sektorean ekonomia zirkularra lortzeko. Hondakinek zabortegian amai dezaten eragoztea ez ezik, helburua ere bada balio erantsi handiagoko erabilerak balidatzea hondakin horietarako. Horretarako, hondakinen azpikorronteen gaikako sailkapena hobetu behar da obran bertan, bai eta ekipoak garatu ere, horiek automatikoki sailkatzeko, linean karakterizatzeko, arazteko eta balioesteko.

Proiektuak lau urte iraungo du eta 15.667.498 euroko aurrekontua izango du. Diru horretatik 12.997.935 euro Europar Batasunak ordainduko ditu. Eraikuntzako eta eraispenetik datozen materialen trazabilitatea, identifikazioa, bereizketa, birziklapena eta berrerabilpena hobetzeko tresnak eta teknologiak garatuko dira proiektuaren lehen zatian. Proiektuaren bigarren zatian, berriz, sei ikerketa-kasutan, lortutako irtenbideak egiaztatzen saiatuko dira, eta ekonomian, ingurumenean zein langileen osasunean zer eragin duten aztertuko dute horretarako.

ICEBERG proiektuaren barruan 35 erakunde bildu dira: 14 enpresa handi, hamar ETE, bederatzi ikerketa-zentro eta unibertsitate, eta ingurumenaren arloko bi sozietate publiko. Horiek guztiek eskarmentu handia dute eraikuntza eta ingurumen sektorean (Alemania, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Turkia). Horrez gain,  EAEko sei erakundek ere hartuko dute parte proiektuan. 

TECNALIAk koordinatuko du proiektua, ibilbide luzea baitu Europako era horretako programak zuzentzen. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, berriz, proiektuaren komunikazio, zientzia-dibulgazio eta sentsibilizazio arloko jarduerak zuzenduko ditu. Eta horrez gain, material horien berrerabilpena ere sustatuko du administrazioko politikak eta tresnak garatuz.

Gaiker zentro teknologikoa eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra garatzeaz arduratuko da. Azkenik, Demoliciones Lezama, Serikat eta Viuda de Sainz enpresek beren ezagutza emanez eta alderantzizko logistikari laguntzeko tresnak garatuz parte hartuko dute proiektuan. Horrez gain, irtenbide guztiak balidatuko dituzte tokiko azterketa-kasu batean (proiektuaren 6 ikerketa-kasuetatik bat Euskadin zuzenduko da).

Hala bada, ICEBERG proiektuak 2,3 milioi euro lortu ditu EAEko enpresetarako, eta beste milioi bat, Espainiako beste erakunde batzuetarako: Lenz Instruments enpresak Gaiker zentroarekin batera garatuko du eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra, eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC), berriz, Keraben enpresarekin batera, mikroehotze prozesu bat egokituko du, eta berreskuratutako materialez egindako zeramika-produktuak balidatuko ditu.