Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko prozesua martxan da

0

Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasuna, Paisaia Kulturala kategorian, deklaratzeko prozesuari hasiera ematen dion ebazpena gaur argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Une honetatik aurrera, informazio publikoaren aldia hasten da, 20 egunekoa, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Alegazioak ebatzitakoan, halakorik egonez gero,  Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onetsiko du Gaztelugatxeko San Juan Kultura Ondasun izateko deklarazioa. Horrela, bere ondasun-balioa aitortuko da ‒bere dimentsio material zein eta immatrialean‒ eta bere kontserbazioa ziurtatuko da.

Inguru hau Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatuta, aurrerapauso bat emango da aitortzaren eta babesaren ikuspuntutik, “bere balio historiko/arkitektonikoak zein paisajistikoak ‒materialak eta immaterialak‒ ere” aitortuz eta zainduz. “Lekua, edertasun handiko paisaia-ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera badia, Gaztelugatxe eta Aketx uharteak ageri dira, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz-azaleratzeekin. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator”, nabarmendu du babes-espedienteak. Gaztelugatxek orain arte ingurumenari lotutako babes bat eduki du, Eusko Jaurlaritzaren 1998ko irailaren 15eko dekretuz babestutako biotopoa baita.

Hala, arkitekturaren eta naturaren arteko erlazioa nabarmendu da: “Eraikuntzak harremanetan daude paisaiarekin, bi modutan: integrazioz, zubiaren eta sarbidearen kasuan, eta kontraste bidez, haitzaren profilean nagusitzen diren eraikuntzen silueta artifizialen kasuan. Bi kasuetan elkarrizketa harmoniatsu bat ezartzen da arkitekturaren eta naturaren artean”. Bere balio immaterialen artean, nabarmentzekoak dira “oso tradizio joriak, batez ere erlijiosoak.”