Euskararen Aholku Batzordea arautzeko dekretu berria

0

Euskararen Aholku Batzordea arautzeko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, organoaren osaera berrituz eta funtzionamendu arauak egokituz. Egokitzapen hau Legealdian egindako ebaluazioaren ondorioa da, eta horren helburua da Batzordearen egitekoak hobeto bete ahal izatea. Dekretua berriaren bidez, kide kopurua murriztu da, berdintasun ikuspegia txertatu da osaeran eta funtzionamendu arauak eguneratu dira. Euskararen Aholku Batzordearen helburua da hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen “ahaleginak eta ekintzak aztertzea, bideratzea eta koordinatzea”.

Aldaketa honek orain dela bi urte egindako gogoetan du jatorria. 2018. urtean Euskararen Aholku Batzordea arrazionalizatzeko eta hobetzeko ebaluazioa egin zen, eta organoaren funtzionamendua, osaera eta araudia egokitzeko beharra antzeman zen. Dekretu berrian egindako aldaketa nagusiak Batzordearen funtzionamendua hobetzeko eguneratze teknikoaren aldetik egindako moldaketak dira. Besteak beste, honako aldaketa hauek egin dira: batzordekide kopurua murriztu, berdintasun ikuspegia txertatu edota funtzionamendu-arau batzuk aldatu.

Batzordekide kopuruari dagokionez, orain arte 59 kide izan ditu Batzordeak, eta aurrerantzean 26 izango ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzaren baitako ordezkari batzuk desagertu dira osaeratik (HABE, EITB, Funtzio Publikoa…), eta beste bat sartu da (UEMAko ordezkari bat). Horrekin batera, kanpoko adituen kopurua murriztu da; hala ere, batzorde-ataletan gizartearen parte-hartze zabala izango da.

Hortaz, hemendik aurrera honako hauek osatuko dute Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoa:

  • Presidentea: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria.
  • Presidenteordea: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
  • Hizkuntza Politikako sailburuordea.
  • Hezkuntza sailburuordea.
  • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari nagusia.
  • Hiru foru-aldundietako ordezkari bana, gutxienez zuzendari mailakoak.
  • Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkaria.
  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkaria.
  • Hamabost kide, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artean hautatuak:
  • Legebiltzarrak izendatutako bost kide.
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako hamar kide. Euskararen hizkuntza-komunitatearen lurraldeetako ordezkariak izatea begiratuko da.
  • Batzorde Osoaren bilkuretara, eztabaidatzekoak diren gaietako adituak eraman ahal izango dira. Aditu horiek hitza izango dute, baina ez botorik.

Era berean, Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoa osatzerakoan, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatuko da. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza lortzen badu. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.

Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak batzorde-atal bereziak sortzea erabaki dezake gai zehatzei buruzko lanak eta txostenak egiteko. Batzorde-atal berezien egiteko orokorrak izango dira: Batzorde Osoari laguntzea beren eginkizunetan; Euskararen Aholku Batzordeak eskatutako oinarrizko azterlanak eta txostenak egitea.

Dekretu berriak, halaber, Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren egitekoak eguneratzen ditu. Honako hauek izango dira:

  • Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-normalizazioari buruzko gaiak aztertzea eta ikertzea.
  • Euskararen erabilerari buruzko xedapenak ondo ezartzeko behar diren neurriak proposatzea Eusko Jaurlaritzari eta dagokien erakundeei.
  • Hizkuntzari loturiko gaietan eskumena duten aginte publikoen jarduera koordinatua bermatzeko neurriak proposatzea.
  • Indarrean dagoen euskara sustatzeko plan nagusiaren garapenari eta betetzeari buruzko txostenak egitea.
  • Batzorde Osoaren nahiz batzorde-atal berezien jarduera-arauak ezartzea.
  • Euskararen Aholku Batzordearen urteko memoria onartzea.
  • Batzorde-atal bereziek proposamenak eta txostenak eginez gero, horiek aztertzea.
  • Legeek edo erregelamenduek aitortutako beste edozein egiteko.

Dekretu berria onartu den arren, indargabetzen den urriaren 16ko 176/2007 Dekretuaren arabera indarrean dauden Euskararen Aholku Batzordeko kideen izendapenek behin-behinean jarraituko dute, harik eta Euskararen Aholku Batzordeko kide berriak izendatzen diren arte. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sei hilabeteko epea izango du Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko kide berriak izendatzeko.