Open data kultura sustatzeko datu irekien ideia eta aplikazio onenentzako 26.000 euroko saria

0

Open data” sarien deialdia onetsi du gaur Gobernu Kontseiluak, datu irekiak berrerabiltzeko 4 proposamen onenak aitortzeko. Zerbitzua, azterlana, bistaratzea, web-aplikazioa edo gailu mugikorretarako aplikazioa sortzeko ideia deskribatzen duten bi ideiarik onenak sarituko dira, bai eta zerbitzuak, azterlanak, bistaratzeak, web-aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak ematen dituzten bi proiektu onenak ere, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako datu irekien katalogoetako datu-multzoak erabiltzen dituztenak.

 Open data” sarien hirugarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman nahi du euskal administrazio publikoen datu irekien katalogoak badaudela, horien ahalmena, datu irekien berrerabilera eta horien ondoriozko zerbitzuen sorrera sustatu nahi du eta irekitzeko ahalegin gehiago egiteko kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten datuak zehaztu nahi ditu. Hala, aberastasun eta balio soziala sortzeko datuak berrerabili eta kontsumituko dituen pertsona-kolektiboa sortzen lagunduko da.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek beren proiektuak elektronikoki aurkeztu beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.