Covid 19 pandemiaren ondorioak arintzeko laguntza berriak

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren zuzeneko 6 dirulaguntzen sorta onartu du beste hainbeste GKE eta elkarterentzat, eta helburua dute Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak arintzea.

Gaur onartutako laguntzak 680.000 euro ingurukoak dira, eta hauexei zuzenduko zaizkie:

  • Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT), Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (COVITE) eta Pakearen Aldeko Terrorismoaren Biktimen Elkartea (VITEPAZ). Covid-19ak sortutako alarma-egoeraren eta hari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz kalte ekonomikoa jasan edo arazo psikologikoak larritu zaizkien terrorismoaren biktimei laguntzeko. Laguntzak guztira: 57.000 euro.
  • Arrigorriagako Udala. Landaederraga hilerrian lurzati bat egokitu eta, hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko islamdar komunitateek beren sinesmen eta errituen arabera hilobiratzeko modua izan dezaten. Orain arte, EAEko musulmanen komunitateak Erkidegoaz kanpora egin ohi zituen hilobiratzeak, baina alarma-egoera eta, ondorioz, mugimendua mugatu direla tarteko, hori ezinezkoa zen. Laguntza guztira: 44.572 euro.
  • CEAR-Euskadi. Laguntza honen bidez, ezohiko neurriak jarri nahi dira martxan EAEn nazioarteko babesa eskatu duten pertsonentzako aldi baterako harrera-zentroetan koronabirusa zabaldu ez dadin, eta behar diren neurriak ezarri nahi dira pertsona horiek beren prestakuntza-jardueran eta gizarteratzean jarrai dezaten. Laguntza CEAR-Euskadik kudeatuko du, eta ACCEM, Gurutze Gorri, MPDL eta Nueva Vidari zuzenduko zaizkio. Guztira: 50.000 euro.

Gainera, pandemiak eragindako osasun-larrialdiaren aurrean nazioarteko erakunde eta GKEek egin dituzten nazioarteko deialdiei erantzunez, Gobernu Kontseiluak elkarte hauentzako laguntzak ere onartu ditu:

  • Save The Children. Balkanetako migrazio-bidean zehar kokatutako herrialdeetan ume errefuxiatu eta migratzaileen premia larrienei aurre egiteko. Laguntza guztira: 200.000 euro.
  • Bosnia eta Hertzegovinako ume errefuxiatu eta migratzaileentzako osasun mentaleko zerbitzuak zabaldu eta emateko. Laguntza guztira: 200.000 euro.
  •  Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioa (ACNUR). Grezian errefuxiatu eta aterpe eskatu duten herritarrei laguntza emateko; zehazki, laguntzak Atenas eta Tesalonikan bizi diren 502 bidaiderik gabeko adingabe, errefuxiatu eta aterpe-eskatzaileri bizileku duina eta premia biziko ondasunak hornitzeko dira. Laguntza guztira: 125.000 euro.