Aurtengo Jazzaldiaren edizioak publikoaren erantzun sutsua izan du

0

55. Jazzaldiko publikoak modu eredugarrian erantzun du egoera honen aurrean, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez. Nabarmendu nahi dugu, halaber, ez dela inolako gorabeherarik izan eta osasun eta segurtasun neurri guztiak uneoro bermatu dituela antolakuntzak eta jarraitu dituela kontzertuetara bertaratutako jendeak.

Aurten, lehen aldiz, hiru Donostiako Jazzaldia Sari eman zaizkie Jazzaren hiru jeniori: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador. Aipatutakoekin batera, Espainiako artista eta talde onenen aukeraketa bat ikusi ahal izan dugu. Guztiak ere esker onez aritu dira berriz ere zuzeneko kontzertuak eskaini ahal izan dituztelako eta artez eta kalitate musikalez beteriko une zoragarriak oparitu dizkigute: Chano Domínguez, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Chicuelo, Sílvia Pérez Cruz, Antonio Serrano, Raül Refree Lina portugaldarrarekin batera, Josemi Carmona, Tino di Geraldo…

Bertako taldeen zerrenda osatuz, Kursaaleko Terrazetan euskal artista gazteen 21 kontzertu izan dira, formatu berri batean. Guztira, 21 kontzertu ikusi ahal izan dira, guztiak doakoak eta edukiera kontrolatukoak, zuzeneko musika onaz gozatzen zen bitartean lasai-lasai zerbait hartzeko moduko espazio batean, hori guztia ikuspegi paregabearekin eta Jaialdi osoan zehar izan dugun eguraldi ona lagun.