Hazilan programaren 10. edizioa

0

HAZILAN egitasmoaren hamargarren deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko. Zabalik dago izen ematea eta edizioaren xehetasunak uztailaren 30ean egingo den informazio saioan aurkeztuko dira.

Azken bi edizioetan prestakuntza-eskaintza indartu ondoren, oraingoan ere jauzi kualitatibo esanguratsua emango da. Izan ere, covid-19aren testuingurura ahalik eta hobekien egokitzeko asmoz, 10 edizio honetan, aurrez aurreko eskolez gain, online eran ere eskainiko da formakuntza egitasmoaren lehen fasean.

Behin konpetentzia pertsonalak eta profesionalak landu ondoren, eta praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza osagarria ere jasoko dute. Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko  edizioetan zehar, guztira, 136 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan…).