Hobari berezia Donostiako hondakinen bilketa-tasetan eta terrazetan

0

Donostiako Gobernu Batzarrak hobari berezi bat onartu du jarduera ekonomikoa duten lokaletako hondakinen bilketa tasetan, baita mahai eta aulkietan ere. Martxoaren bigarren hamabostaldian eta apirilean konfinamenduak eragindako egoerak, funtsezkotzat jotzen ez zen jarduera guztia ixtera behartu baitzuen, neurri hori hartzea ekarri du.

Ildo horretan, funtsezkoa ez den merkataritza-jarduera duten lokal guztiei murriztuko zaie hondakinak biltzeko tasaren bigarren hiruhilekoari dagokion kuota. Horri esker, lokal itxi gisa ordainduko dute gutxienekoa, eta funtsezkotzat jotako jardueraren bat egin duten lokalek, berriz, egoera bereziki zailetan jardun behar izan badute, zenbatekoaren % 75 murriztuko dute kuota.

Bestalde, mahai eta aulkiei buruzko tasak sei hilean behingo zerga dira, eta honako hau jasotzen du: «Subjektu pasiboari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, jabari publikoa eta erabilera publikora atxikitako beste ondasun batzuk erabiltzeko edo aprobetxatzeko eskubidea garatzen ez bada, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da».

Horrela, Udal Gobernuak sei hilabeteetako bi kobratuko dituela ere erabaki du, %66ko hobaria aplikatuz, mahai eta aulkiekin jabari publikoa normaltasunez erabiltzeko zailtasunak direla eta.