Ertzaintzaren 28. Promozioko 576 gizon-emakumeei kredentzialak banatu dizkiete

0

Lehendakaria buru izan duen ekitaldian, guztira 576 pertsonak jaso dituzte ertzain-kredentzialak prestakuntza gainditu ondoren.

Ekitaldian 28. Promozioko ikasleak, Akademiako kideak eta Segurtasun Saila bakarrik izan dira, eta ez dituzte gonbidatu ez familiartekoak ez kredentzialen banaketan izan ohi diren gainerako ordezkari instituzionalak, aforoak errespetatzearren. Horrez gainera, ikasleei aurretik esleitu zaizkie eserlekuak, eta euren arteko tarteak errespetatu behar izan dituzte eta nahitaezkoa den maskara jantzita izan dute beti.

Promozioak okil beltza aukeratu du bere estandarterako enblema moduan, eta 576 agentek osatzen dute, 402 gizonek eta 174 emakumek. Horietatik 87 arabarrak dira, 344 bizkaitarrak, 118 gipuzkoarrak eta 5 nafarrak, eta batez besteko adina 29 urtekoa da. Era berean, azpimarratu behar da % 86k dutela egiaztatuta hizkuntza-eskakizunen bat (98k B1; 300k B2; eta 96k C1).

Promozio honetan puntuaziorik onena izan duten hiru ikasleek eraman dituzte ikurriña, Ertzaintzaren bandera eta 28. Promozioaren estandartea. Oraingoan beste 27 promozioen estandarteak ikasturtean zehar euren taldeen ordezkari eta ordezkariorde izan direnek eraman dituzte.