Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak %2,6ko defizita adostu dute EAErentzat 2020rako, hiru aste negoziatzen eman ostean,jarduera ekonomikoak behera egin izanak diru-sarreretan eragindako murrizketaren eragina aztertu ondoren.
Zifra hori iraileko lehenengo hamabostaldian elkartzekoa den Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan berretsi beharko da, bi gobernuek, eta euren izenean Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Inés Bardón Ogasuneko idazkari nagusiak, izenpetu duten akordioaren arabera.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan hartzen diren erabakiei egotzi ezin zaizkien aurreikuspen makroekonomikoetan aldaketa nabarmena gertatuz gero, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren aurrekontu-egonkortasunerako helburu berriak adostu ahal izango direla baloratu da. Defizit helburuaz gainera, 2020rako %15,9ko zor publikoa ere adostu dute.
Horrez gain, akordioaren beste funtsezko gai bat da foru-aldundiak Kontzertuaren Batzorde Mistoan adostutako formularen bidez konpentsatuko direla bermatzea, baldin eta horien diru-sarreren murrizketa euren soberakina edo superabita baino handiagoa bada.