Ertzaintzak zazpi gidariri ireki dizkie eginbideak asteburu honetan alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik

0

Hiru gizon eta emakume bat zauritu dira gaur, igandea, Euskadiko errepideetan gertatu den zirkulazio-istripurik adierazgarrienean. Istripua Gipuzkoako Soraluze herrian gertatu da gaur arratsaldean, GI-627 errepidean, Maltzagarako noranzkoan, furgoneta bat errepidetik atera eta Deba ibaira erori denean. Furgoneta barruan lau pertsona zihoazen.

Gertatu den istripurik aipagarriena 15:30ean gertatu da GI-627 errepidean, Gipuzkoako Soraluze herrian, Maltzagarako noranzkoan. Volkswagen T5 furgoneta bat errepidetik atera da eta Deba ibaira erori da. Istripuaren ondorioz lau bidaiariak (58, 21 eta 18 urteko hiru gizonezko eta 55 urteko emakumezko bat) zaurituta geratu dira, eta Mendaroko ospitalera eraman dituzte pronostiko erreserbatuko zauriekin. Istripua gertatu den lekuan zirkulazio-arazoak sortu dira harik eta garabi batek furgoneta erretiratu duen arte.

Bestalde, 64 urteko emakume bat zauritu da gidatzen ari zen autoa errepidetik atera eta irauli ondoren GI-631 errepidean, Gipuzkoako Zestoa herrian. Istripua 16:15ean gertatu da adierazitako errepidean, GI-631n, Zestoako udal-barrutian eta Zumarragarako noranzkoan. Gidariak Peugeot 206 autoaren kontrola galdu du Arruako bihurgune inguruan, eta albo baten gainean iraulita geratu da. Biktima Donostia Ospitalera eraman dute pronostiko erreserbatuko zauriekin.

Alkoholemien balantzeari dagokionez, bestalde, asteburuan Ertzaintzak zazpi gidariren aurka eginbideak hasi ditu bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta, egin zaizkien alkoholemia- eta droga-probetan tasa positiboak eman ondoren.

Bost inputazio larunbatean egin zituzten Irunen, Azpeitian, Muskizen, Bilbon eta Trapagaranen. Gaur, igandea, beste bi gidariren aurkako eginbideak izapidetu dituzte Agurainen eta Eibarren.