Maskararen erabileraz kontzientziatzeko kanpaina bat bultzatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

0

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin bater, komunikazio- eta publizitate-kanpaina garrantzitsu bat abiarazi du abuztuan. Kanpainaren helburua da euskal gazteengana hurbiltzea (nagusiki sare sozialen bidez), higieneari, maskararen erabilerari eta urruntze sozialari lotutako neurri pertsonalek Covid-19ari aurre egiteko duten garrantziaren inguruko kontzientziazioa sendotzeko.

Kanpaina 20 eta 40 segundoko bi bideo animatutan oinarrituta dago, eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan sustatuko dira (zehazki, haien plataforma digitaletan).

Iragarkiak euskaraz eta gaztelaniaz daude, eta #siempremascarilla hashtagarekin agertzen dira. Bi iragarkietan, gainera, gazteen hizkuntza desinhibitua erabiltzen da, eta kirol-terminoak nahasten dira, osasun-krisi honetan guztion ahaleginaren premia azpimarratzeko.

“Guztion ahaleginari esker iritsi gara final handi honetara. Oraindik bigarren zati osoa geratzen da, eta, irabazteko, defentsa hertsia, zelai-erdi langilea eta aurrealde eraginkorra behar ditugu. Zure bizitzako finala irabazi nahi baduzu… distantzia, higienea eta maskara”, dio kanpainak.

Mezu horri Gorka Vazquez ilustratzaileak sortutako animaziozko irudiak gaineratu zaizkio. Marrazki animatu horien bidez, eguneroko bizitzako hainbat egoera islatzen dira, eta pandemian funtsezkoak izan diren jardueretan diharduten gazteak agertzen dira. Jarduera horiek hirugarren sektore sozialeko boluntario baten, ertzain baten, supermerkatuko apal-betetzaile baten eta Osakidetzako bi profesionalen bidez sinbolizatu dira.

Kontraste gisa, hainbat unetan beren taldearen arrakasta maskararik eta distantzia sozialik gabe ospatzen duten gazteak dantzan eta edaten ikusten dira, eta, ondoren, ospitale batean larriki gaixotuta eta monitorizatuta dagoen gazte bat. Bideoa futbol-estadio batean amaitzen da. Bertan, zale talde desberdinetako mutil bat eta neska bat besarkada batez elkartuta agertzen dira, baina azkenean elkarrengandik urrundu eta maskarekin estaltzen dira.

«Komunikazio-kanpaina honek, gazte-estetika eta hizkuntza informal baten bidez, gazteok konfinamenduaren hilabeteetan agertu genuen konpromisoaren balioa azpimarratzea du helburu, eta sen onari jarraitzeko deia egiten du, higienea areagotzeko, urruntze soziala betetzeko eta maskara beti erabiltzeko. Aurtengo udan garrantzitsuena burua erabiltzea eta gure gizarte-konpromisoa agertzen jarraitzea dela helarazi nahi dugu. Gure ustez, gure sen ona erakusteko garaia da 2020ko uda. Beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea atzerapauso bat egitea da, bai zeuretzat, bai zure inguruko guztientzat», azpimarratu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabek.