900.000 euro Barakaldoko eskoletan hobekuntza lanak egiteko

0
Fotografía: Barakaldodigital.

Aurtengo ikasturtea ohi ez bezalakoa izan da: Covid-19a dela eta, aurrekaririk gabea. Udalak, ordea, hiriko ikastetxeak hobetzen eta eraberritzen jarraitu du; aurtengo udan amaituko dira lanak, eta inbertsioa 900.000 eurokoa izango da.  Horrela, bada, 18 ekipamenduk berrituko dituzte beren instalazioak, fatxadak garbituz, iturriak jarriz, ikasgelak margotuz, leihoak eta argiak aldatuz…

900.000 euroko inbertsiotik, 400.000 Barakaldoko Udalak jarri ditu Azpiegitura eta Hezkuntza arloen bitartez.  Arrontegi eskolan Eusko Jaurlaritza egiten ari den obrari dagokio gainontzekoa.

Guztira, 46 jarduketa baino gehiago egiten ari dira ondorengo ikastetxe eta hezkuntza zentroak hobetzeko: Arteagabeitia, Bagatza, Pilar, Gurutzeta, Ibaibe, Larrea, Mukusuluba, Zuhatzu, Musika Kontserbatorioa, Bai Antzerki Eskola, Alkartu, Bituritxa, HHI, Beteluri,  Gurutzetako Haurreskola, Meatzen Eskola ohia, Munoa, Arrontegi

«Kasurik gehienetan, pandemiaren karietara hustu diren ikasgelak aprobetxatu ditugu, eta normalean udan egin ohi diren lanak aurreratu ditugu», azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok.  «Ikastetxeetako zuzendaritzak eta IGEak eskatutakoan egiten ditugu obrak. Eskaerak eta beharrizanak udal teknikarien bitartez bideratzen dituzte, edo bestela, Amaia del Campo alkatearekin eta neronekin egiten dituzten batzarren bidez; hala izan da, behintzat, pandemia etorri den arte», adierazi du.

Ikasturte honetan, aurrekontuari dagokionez, Arrontegiko eskolako patioan eraikitzen ari diren aterpea da obrarik garrantzitsuena.  «Aspalditik irrikaz espero duten obra da hori, eta datorren ikasturtean bihurtuko da errealitate», gogorarazi du Canterok.  Zehazki, 850.55 m2 patio estaliko dira, kirol-pista baten neurria, alegia (664,86 metro koadro), bai eta haurren jolas-gunea ere (173,35 metro koadro).

Gainontzeko lanak ikastetxeak datorren urterako prest uztean dautza: patioetako hobekuntzak, sarbide iriste-errazagoak, gimnasioetako lur berriak, eskailerak margotzea, argiak aldatzea, bai eta  eskola-orturen bat egitea ere.