Barakaldok turismo webgune berria jarri du martxan

0

Turismoa sustatzeko webgune berria jarri du martxan Udalak: Visit Barakaldo. Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arlotik sortutako gune bat da, hiriari buruzko informazio interesgarri guztia bildu eta antolatzeko eta aurrerantzean etor daitezkeen bisitariek errazago izan dezaten kontsultatzea.

Barakaldok iaz jarri zuen martxan Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoa.  Tresna horren bidez Barakaldo mapa turistikoan kokatzea lortu nahi da, bere ondare historiko eta industriala, turismo kulturala eta Done Jakue bidea erakutsiz, bai eta BECen egiten diren goi-mailako ekitaldiak eta natura ere ezagutzera emanez.

Visit Barakaldok erabiltzaileentzako espazio bisual eta erraz batean biltzen ditu hiriaren indargune horiek.  Horrez gain, hiriari buruzko informazio orokorra eta bereziki Memoria Historikoari buruzko atal bat gehitu ditu.  «Webgune berri hau martxan jartzea Turismo Planaren helburuetako bat da, baita Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen gomendio bat ere, gure herrira etorri nahi duten bisitariek errazago izan dezaten gure hiriko informazioa bilatzea», adierazi du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko  zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Udalak urteko lehen hiruhilekoan jarri zuen martxan proiektua, uda honetan martxan egon zedin.  Aldundiaren diru-laguntzari esker garatu ahal izan da proiektua, eta horri esker kontratu bat egin ahal izan da, bai eta Barakaldoko Udaleko zenbait arloren lankidetzari esker ere, guk geneukan informazio guztia antolatzen lagundu baitigute.