Barakaldoko hiru ostalaritza-lokal salatu dituzte, bezeroak musukorik eta segurtasun distantziarik gabe ari zirelako dantzan

0

Asteburuan Tokiko Poliziak udalerriko hiru ostalaritza-lokal salatu dituela adierazi du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok, bertan bezeroak dantzan ari zirelako musukorik eta segurtasun distantziarik gabe.  Covid-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak betearazteko jarduketak dira horiek.

Lokal horietako bitan, arduradunek ez zuten batere neurririk hartu dantza-pista nola erabili azaltzeko, eta onartu egin zieten bezeroei hura erabiltzea. Alde horretatik, kutsatzerik gerta ez zedin, eta gertakarien larritasuna baloratu ondoren, Tokiko Poliziak establezimendu biak husteko kautelazko neurria hartu zuen.

«Hainbat aste daramatza Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Sailak ostalaritza-establezimenduek eta bezeroek bete beharreko neurriez herritarrak jabearazten, bai eta jarduera garatzeko gaur egungo ordutegiei eta baldintzei buruz indarrean dagoen araudia gogorarazten ere. Zeregin hori, gainera, beste udal arlo batzuetatik osatu da», gogorarazi du Ángel Madrazok.

«Lehenago ere esan genuenez, lan horri Tokiko Poliziaren udaltzainek kalean egiten duten jagoletza erantsi zaio.  Nahiz eta ostalaritza-lokal eta bezero gehienek egokiro eta arduraz jardun duten, ez dugu errukirik izango  neurriak betetzen ez dituztenekin, eta ezarritako jarraibideei muzin egiten dieten jokaera guztiak zehatuko ditugu», ohartarazi du Madrazok.

Musukoaren erabilerari dagokionez, Herritarren Segurtasuna Arloko zinegotzi ordezkariak adierazi du joan den asteburuan 41 salaketa egin zirela musukoa ez janzteagatik. Uztailaren 15etik – musukoa derrigor erabili beharra aldarrikatu zenetik, alegia 115 zehapen proposamen egin dira. Eusko Jaurlaritzak tramitatuko ditu isun horiek guztiak.