D hezkuntza ereduko ikasle-kopurua B eredukoarena baino handiagoa Barakaldoko ikastetxeetan

0

Barakaldon amaitu berri den ikasturteak matrikulatutako ikasle kopuru handiagoa izan du euskara hutseko D hizkuntza ereduan B hizkuntza eredu mistoan (euskara-gaztelania) baino.  Lehenengo aldiz gertatu da horrelako egoera bat Barakaldoko ikastetxeetan, alegia, euskarazko irakaskuntzaren aldeko aukera familia barakaldarrei eskaintzen zaizkien beste bi aukeren gainetik gailentzea.   Berebiziko poza agertu du Iratxe Focesek zuzentzen duen Euskara Arloko Zinegotzigoaren bitartez Udalak: gertatutakoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Udalak eta euskararen normalizazio eta erabileraren alde diharduten hezkuntza erakundeek egiten duten lanari zor zaiola irizten du.  Horrez gainera, gaur arratsaldeko Udalbatzan (ESEP 2020-2024) Euskararen Plan berria bozkatuko da, hirian euskararen  ezagutza, presentzia eta erabilera bultzatu eta bermatzea xede duena.

Zehazki, iaz, 6.598 ikasle barakaldarrek egin zituzten ikasketak euskaraz: kopuru hori ikasketak B ereduan egin zituztenen kopuruaren (6.557)  gainetik dago. Aurreko 2018-2019ko ikasturtean, D ereduaren aldean (6.448 ikasle) B eredua izan zen nagusi (6.531).  «Aurten sorpasoa gertatu da, eta badirudi joerak eutsi egingo diola. Berri baikorra dela uste dugu: bada garaia euskara eta haren erabilera hirian sustatzeko Udala eta Eusko Jaurlaritza egiten ari diren ahalegina agertzeko», adierazi du Focesek.

Nabarmen handitu da Barakaldon euskaldunen kopurua. «1986an, herritarren % 2,6k hitz egiten zuen euskara Barakaldon. Gaur egun, ordea, % 23k», adierazi du Euskara Arloko zinegotziak.  «Euskaraz dagin 22.000 barakaldar dauzka Barakaldok, eta beste 16.000 dira euskara ulertzeko gauza;  alor horretan lanean jarraitu behar dugu, beraz, kopuruak gora egiten jarrai dezan», esan du.