Garapenerako Lankidetza- programetarako laguntzak arautzen dituen dekretuaren proiektua egin aurreko kontsulta publikoa

0

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurretiazko kontsulta honen helburua da etorkizunean onartu litekeen arauak uki ditzakeen norbanako eta ordezkaritza handieneko taldeen iritziak jasotzea.

Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.

Dekretu berri bat onartzekotan, honako hau lortu nahi da:

  • Tresnaren elementu bereizgarriak integratzea bultzatzen diren ekimenetan,
  • Lankidetza-programak bi fasetan bereiztea, kudeaketa-sistemak ez dezan murriztu ekimenak gauzatzeko benetako epealdia
  • Tresnaren malgutasuna handitzea, eta
  • Aurretiazko egiaztapen-prozeduraren ordez, deialdi bakoitzean egiaztatu beharreko baldintza batzuk ezartzea, eta, aldi berean, horiek tresnaren beraren helburuetara egokitzea, ekimenak tresnaren elementu bereizgarriekin lerrokatuz.

Ekimena onartzeko premia eta aukera.

– Premia: 2007. urtean laguntzen lehen deialdia egin zenetik gaur arte, 53 programa sustatu dira, eta guztira 57.413.144,72 euroko dirulaguntza eman da. Denbora-tarte horretan, 15 erakundek baino ez zuten egiaztatu laguntza-deialdietan parte hartzeko baldintzak betetzen zituztela, horietatik, 14k proposamenak aurkeztu zituzten eta dirulaguntzak jaso zituzten.

Garapenerako lankidetzako beste tresna batzuen aldean, programak eraldaketa sakonagoak sortzeko sortu ziren, baita horiek integralagoak izateko ere. Horregatik, beharrezkotzat jo da tresnari finantzaketa handiagoa, gauzatze-aldi handiagoa eta gauzatu aurretik identifikatzeko fase bat ematea, baita garapenerako hezkuntzari buruzko atal bat eta maila anitzeko ekintzaren aldeko apustua txertatzea ere.

Deialdi desberdinetan diruz lagundutako programei egindako jarraipenean lortutako esperientziak agerian utzi du programak kudeatzeko sistemak ahulezia nabarmenak zituela, eta horrek eragin negatiboa zuela finantzatutako proposamenen kalitatean eta ematen zen laguntzan. Era berean, egiaztatu zen diruz lagundutako programek, inpaktu positiboak sortu arren, ez zituztela programa-tresnaren elementu bereizgarriak behar bezala integratzen (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste tresna batzuekin alderatuta). Beharrezkoa da ikuspegi global-lokala sartzea tresnaren nortasun-ikur gisa.

Esku hartzen duten subjektuen arteko lan-eskemaren aldaketa ere beharrezkoa da, funtzionamenduaren, kudeaketaren eta baliabideen transferentziaren logika bertikal bat ezartzeko, eta iparraldeko eta hegoaldeko ekimenen garapena argi eta garbi bereizten duen lan-eskema bat agerian uzteko. Hori dela eta, erakundeen arteko lan artikulatuagoa eta osagarriagoa ezarri behar da, erronka komunei heltzeko. Horrela, eskatutako baldintzak ez dira ezarriko dirulaguntza gauzatzen parte hartzen duten erakundeen jatorri geografikoaren arabera, edota dauden partzuergoetako buru diren ala ez kontuan hartuta; aitzitik, erakunde bakoitzak dirulaguntzaren kudeaketan eta gauzatzean duen partaidetza-mailaren arabera zehaztuko dira, jatorri geografikoa edozein dela ere.

Aurretik aipatutakoari gehitu behar zaio laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedura ez zela eraginkorra, programei dirulaguntza osoa hasieran ematen baitzitzaien (aurkeztutako profilak baloratu ondoren, eta behin betiko proposamenak identifikatu eta formulatzeko fasea garatu aurretik). Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da identifikazio- eta egikaritze-faseak argi eta garbi bereiztea, diruz lagun daitezkeen bi fase desberdin diren aldetik. Gainera, egikaritze-fasearen finantzaketa baldintzatu nahi da, programen behin betiko proposamenak baloratzeko prozesu baten bitartez.

– Aukera: Apirilaren 3ko 57/2007 Dekretua argitaratu zenetik igarotako denborak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu zenetik igarotako denborak (ekainaren 19ko 5/2008 Legearen bidez arautua) eta aurretik aipatutako arazoei irtenbidea emateko arrazoiek beharrezko egiten dute garapenerako lankidetza- programetako laguntzen araudi berri bat onartzea.

Arauaren helburua.

Proiektatzen den arauaren xedeak dira, alde batetik, ikuspegi lokal-globala programen nortasun-ikur gisa kokatzea, eta, bestetik, aurkeztutako ekimenetan ikuspegi hori behar bezala txertatzen dela bermatuko duen kudeaketa-sistema bat ezartzea.

Horrek ez du esan nahi aurreko araudian programei esleitutako helburuak eskatzeari uzten zaionik, baizik eta aurrerapen bat egiten dela, GLEAk dituen beste tresna batzuen aldean, esleitzen zaizkien elementu bereizgarrietan eta balio erantsian arreta ipiniz.

Bestalde, arau berriak ezabatu egiten ditu apirilaren 3ko 57/2007 Dekretua kudeatzeko zailtasun eta ahulgune nagusiak.

Lau dira proiektatutako aldaketak: tresna ikuspegi lokal-globalera bideratzea, esku hartzen duten subjektuen artean lan-eredu bat ezartzea aipatutako asmo horrekin bat etorriz, identifikazio- eta gauzatze-faseak bereiztea –bigarren faserako sarbidea lehenengoaren onarpenaren araberakoa izango litzateke–, eta erakundeen aldez aurreko egiaztapen-prozeduraren ordez, deialdi bakoitzean ziurtatu beharreko baldintza batzuk ezartzea.