141 bizikidetza-unitate lehen aldiz sartu ziren etxebizitza batean

0

Bilboko Udal Etxebizitzak TEAk 2019ko ekitaldiari dagokion jardueren memoria aurkeztu du azken Zuzendaritza Batzordean.

Udal-sozietateak 2016-2019 Plan Estrategikoa itxi du ekitaldi honetan, eta haren ardatzen artean nabarmentzen da garapen pertsonalaren alde egitea etxebizitzaren funtzio soziala betez, Bilboren eraldaketan parte hartzea eta lurralde-kohesioa nahiz hiriko proiektuen garapena sustatzea.

Lehengo urtean 141 bizikidetza-unitate lehen aldiz sartu ziren etxebizitza batean.

2019an zehar, 667 errentamendu-kontratu egin ziren, hau da, aurreko ekitaldian baino % 43 gehiago. Horietatik 442 titulartasun-eskaera bidez esleitutako etxebizitzak izan ziren, eta 105 egokitasunagatiko doikuntza sistemaren bidez, esleitu zitzaizkien lehentasunezko arreta behar duten kolektiboei. Gainera, Pisu Solidarioen Programarekin lotutako 54 kontratu indibidual egin ziren. Halaner, 28 etxebizitza esleitu ziren urritasunagatik, eta 29 egoitza-aldaketagatik; 18 pisu elkarteentzat izan ziren, eta 8 ordezko bizitokiak emateko. Azkenik, etxebizitza bat Sustraitze Programaren barruan esleitu zen, emantzipazio-modalitatean.

Aurreko urtearen amaieran, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren higiezinen ondarea 4.155 etxebizitzakoa izan zen; horietatik 107 desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta zeuden, 20 zuzkidura-bizitokiak ziren eta 1.172 etxebizitzakoa ez den erabileretarako lokaleak. Udal-higiezinen parkea zortzi barrutietako zazpitan dago, eta hiriko 24 auzotan.

Ekitaldiaren amaieran, Bilboko Udal Etxebizitzetan 8.680 pertsona bizi ziren, hau da, hirian bizi diren pertsonen % 2,5. Biztanleria handiko udalerrien artean, Bilbo da udal-etxebizitza babestu gehien dituena, bat 83 biztanleko.

Etxebizitzetako esleipendunen profila bat dator bakarrik bizi direnekin, eta beste senide bakar batekin edo bikotekidearekin bizi dira kasuen % 88an. Erdia baino gehiago 35 urtetik beherakoak dira, eta herena baino gehiagok 35 eta 55 urte artean dituzte. Genero-ikuspegitik, esleipendunen % 43 emakumeak dira, eta % 57 gizonak.

Bilbon alokairuan dagoen etxebizitza publiko baten eskatzaileen diru-sarrerei dagokienez, gehiengoak, hau da, % 53,10ak, 9.000 eta 15.000 euro artean jasotzen dituzte urtero, eta, % 26,83ak, 3.000 eta 9.000 euro artean.

2019an Udal Etxebizitzak TEAk 13.796.263 euro fakturatu zituen parke publikoaren errentamendua kontzeptuagatik. Zenbateko horretatik, ia % 90 (12.398.845 euro) dagokio etxebizitzen alokairuari eta % 10etik gora (1.397.418 euro) lokalen alokairuari. Errenta finkoaren batezbestekoa 259 eurokoa da hilabetean etxebizitzen kasuan, eta 223 eurokoa lokalen kasuan.

2019an, Udal Etxebizitzak TEAren informazio-zerbitzuak ia 14.000 kontsultari erantzun zien. Horietatik % 89 baino gehiago telefono bidezkoak izan ziren, eta gainerakoak posta elektroniko bidezkoak.