Pandemia garaian emozioak adierazteko postalak

0

Donostiako Udalak, Donostia Lagunkoia eta Osasuna Sustatzeko Udal Zerbitzuaren bidez, Tabakalera, Emaus eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoarekin batera, 2020Postalak. Pandemia garaiko postalak, emozioetatik idatziak proiektua jarri du martxan. Proiektu esperimental bat da, emozioen kudeaketa kolektiboak eskaintzen duen potentzial eraldatzailea landu nahi duena.

Proiektu hau Donostia Lagunkoian parte hartzen duten pertsonek Covid19aren krisiak eragin dizkieten zirrarak partekatutako kezken ondorioz sortu da eta aipatutako erakundeen lankidetzari esker garatzen da.

Pertsona anonimoek egindako postalak dira, eta horietako bakoitzak Covid19 pandemia honetan bizi dituen sentimenduak, emozioak edo sentsazioak adierazten ditu. Horrela, espazio bat sortu nahi da narrazioak eta adierazpenak bateratzeko eta modu kolektiboan egiteko, sendatzaile eta eraldatzaileak izan daitezen, sentimenduak partekatzen dituzten pertsonen kate bat sortuz.

Proiektu honetan parte hartu nahi dutenek postal bat egin edo erosi beharko dute, bertan nahi dutena idatzi, marraztu edo adierazi, eta Tabakalerara bidali, 2020ko irailaren 15a baino lehen. Parte hartzen dutenek postal bat bidali eta beste bat jasoko dute, baina 2020Postalak ez da ohiko korrespondentzia.

Prozesu guztia www.2020postalak.eus webgunean dago azalduta eta postalak Instagrameko kontuan ere ikusi ahal izango dira.