Ekonomia, enplegua eta osasuna bultzatzea izango dira datozen hilabeteetarako lehentasunak Bizkaiko herritarren iritziz

0

Bizkaiko Foru Aldundiak azterketa soziologiko bat egin du ad hoc, pandemiak hainbat arlotan izan duen eragina eta koronabirusak sortu duen krisia ezagutzeko. Horren arabera, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzea izango da lehentasuna datozen hilabeteetarako.  Gainera, azterlan horren arabera, pandemiak sortutako egoera gorabehera, herritarren % 87k uste du gure lurraldean nahiko ondo edo oso ondo bizi dela, eta herritar gehienek baikortasun-jarrera dute etorkizunaren aurrean, nahiz eta uste duten arazo nagusitzat jotzen dituztenek, hots, jarduera ekonomikoak eta enpleguak, eragin handia izan dezaketela haien bizitzetan.

Hauek dira «COVID-19aren egoera eta horrek Bizkaian dituen ondorioak» azterlanaren 2. atalaren ondorio nagusietako batzuk; azterlana ekainaren 8tik 22ra telefono bidezko 1.100 inkesten bidez egindako ikerlan soziologiko zabalaren emaitza izan da.

Azterketa horretan islatzen da inkestatutako pertsonen % 75ek uste dutela jarduera ekonomikoa eta enplegua direla arazo nagusia, eta, beraz, lehentasuna dela.   Osasuna ( % 43) eta COVID-19 ( % 12) bi gai horien atzetik daude herritarren kezka nagusien artean. Atzetik daude herritarren segurtasunik eza ( % 12) eta, urrunago, hezkuntza ( % 10) edo politika ( % 8).

Arazo horiek izango duten eragin pertsonalari dagokionez, aipatzekoak dira ekonomia eta enplegua ( % 53) eta osasuna ( % 29).  Izan ere, bi pertsonatik batek uste du ekonomiak eta enpleguarekin lotutako arazoek zuzenean eragin diezaioketela, eta hirutik batek, gutxi gorabehera, gaur egungo pandemia-egoeraren ondoriozko arazoak dituela.

Hala eta guztiz ere, Bizkaiaren etorkizunaren aurrean baikortasun-jarrera mantentzen da:  % 46 nahiko baikor dago, % 11 oso baikor eta % 10ek soilik ikusten du ezkortasunez etorkizun hori, eta hiru pertsonatik bat ez da ez baikor ez ezkor sentitzen.

COVID-19ari buruz duten informazio-mailari dagokionez, % 73k uste du nahiko informatuta dagoela, bai gaixotasunari buruz, bai sortutako egoerari buruz, eta gainerako % 27k argudiatzen du emandako informazioa nahasgarria eta argitasun gutxikoa dela, eta fidagarritasun-falta hautematen duela, behar bezala informatuta ez sentitzeko arrazoi gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko pandemiaren egoerari eta ondorioei buruz egindako azterlan soziologikoak ere jasotzen du norberaren egoitza dela lekurik seguruena:  % 96k adierazi du oso edo nahiko segurua dela.  Herritarren % 74k uste du aire zabaleko espazioak seguruak direla, eta % 27k uste du tabernen kanpoko terrazak eta instalazioak ere seguruak direla, eta % 43k, berriz, batere seguruak ez direla. Garraio publikoa eta, bereziki, espazio itxiak dira potentzialki batere segurutzat jotzen ez diren lekuak.