Suspertze Adimentsua foru-programak dagoeneko 3 milioi euro mugitu ditu enpresa-proiektuetan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko 1,5 milioi euro eman dizkie lurraldeko enpresei, suspertzea adimentsurako dirulaguntzen programaren barruan. Osasun-larrialdiaren egoeragatik eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko Bizkaia aurrera! planaren barruan onetsitako neurrietako bat da.

Orain arte, 120 enpresari eman zaizkie laguntzak; hau da, guztira, 3 milioi euroko inbertsioa egin da proiektu horietan. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da irekita.

Enpresa-motei dagokienez, plantilletan, batez beste, 21 kide egon ohi dira. Eta gehienak, 48 guztira, industriaren sektorekoak dira. Horrez gain, zerbitzuetako, merkataritza-sektoreko, eraikuntzako, garraioko eta ostalaritzako enpresak daude.

Laguntzen programa berri hau 5 eta 100 langile arteko enpresentzat pentsatu da, baldin eta epe laburrean merkataritza-bokazio argia duen proiektu bat badute. Zehazki:

  •  Salmentak berraktibatzea, merkataritza-jarduera indartzea, nazioarteko eskaintzak hautematea eta eskuratzea, marketin digitaleko jarduerak, zerbitzuak bide digitaletatik eskaintzea.
  •  Enpresak ekonomikoki berraktibatzea, enpresen merkataritza- eta ekoizpen-eraginkortasuna hobetzen duten enpresak fusionatuz edo eskuratuz.
  •  Merkatu handiagoetara sartzeko lankidetza-ekintzak, merkaturatzeko ABEEak eta partzuergoak eratzea barne.

Ingurumen-eragina murrizteko, ekonomia zirkularrerako eta digitalizaziorako proiektuak gailenduko dira. Eta honako gastu hauek diruz lagunduko dira % 50ean eta 15.000 euroko mugarekin: langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta ibilgetu materialean egindako inbertsioak.