18 artisten lana ikusgai Ertibil Bizkaiaren 38. edizioan

0

Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, artistekin batera, Ertibil Bizkaia 2020 erakusketa ibiltari berria aurkeztu du. Erakusketak garatzeko eta hazteko bidean dauden 18 artistaren lanak biltzen ditu.

Diputatuak azpimarratu duenez, ‘ERTIBILi buruz hitz egitea talentuaz, Bizkaiaz, Arteaz hitz egitea da.’ Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltaria da eta dagoeneko 38. edizioa du. Bilbaok azaldu duenez, ‘Proiektu finkatua da, eta sormen lana Bizkaian garatzen duten artista berriei laguntzea eta sustatzea du helburu’.

Aurtengo edizioan berriro ere argi geratu da Bizkaian talentua dagoela, 113 artistaren eta espezialitate guztietako 160 lanen parte-hartzearekin; horien artean aurtengo erakusketa osatzen duten 18 lanak hautatu dira.

Hauek dira ERTIBIL BIZKAIA 2020an saritutako artistak: Helena Goñi, lehen saria, ‘Dos retratos de Gabe en el tren’ lanarekin; Maite Leyun, bigarren saria, ‘Kitty & Co’ lanarekin, eta Daniel Llaria,  hirugarren saria, ‘Be seen be safe’ lanarekin.

COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera dela eta, irabazleak saritzeko eskaintzen zaien Japoniako egonaldi artistikoa 2021era atzeratzen da; horrela, lehiaketaren nazioarteko zabalkundea egiten jarraituko da, kulturen komunikazio- eta truke-esperientziarekin batera.