‘Ehiza’ film laburra, Kimuak-ek promoziorako aukeratutakoen artean

0
PRUEBA

Kimuak-ek ‘Ehiza’ film laburra aukeratu du nazioko eta nazioarteko jaialdietan zabaltzea sustatzeko.  Hirugarren aldia da antolaketa honek Bego Vicario UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle eta ikertzaileak koordinatzen duen ‘Hauazkena taldea’ ikerketa-taldearen ekoizpena saritzen duena.

‘Ehiza’ animazio filma da, eta Rafa Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969an egindako «Homenaje a Tarzán» film laburraren jarraipena izan nahi du, lan hori izanik lehenengotariko euskal animazio filmetako bat. Bertan, gure errealitatearen gordintasuna islatzen da: jazarpena, indarkeria, suntsipena. ‘Film labur’ honetan, Bego Vicarioren taldeak Balerdiren proposamen estetikoa erreproduzitu nahi izan du, baina lan hura inspiratu zuen begirada kolonialistatik urrunduta.

Vicariok azaltzen duenez, proiektu honetan «Rafa Ruiz Balerdik bere filmaren amaieran utzi zigun mezua jaso dugu, zeluloidearen gainean “continuará” idatzi zuenekoa, eta hurrengo kapitulua bere teknika grafiko berberekin edo egungo baliokideekin egiteko erronka onartu dugu».

«Euskal Herriko eta Europako animazio zinemaren historiaren parte sentitzen gara, eta, haren oinordeko gisa, aurreko belaunaldietako artistek erdi abandonatutako kontzeptuak, teknikak eta proiektuak erreskatatu ditugu, eta aplikatu, birziklatu edo jarraitu ditugu, egungo paradigma sozialetik eta sortzaile gisa ditugun ikuspegietatik», adierazi du artistak.

Film hau “jarraituko du’ hitzekin bukatzen da, eta Vicariok, ironieraz dio, «beharbada 50 urte barru geureak bezalako beste ‘frikipanda’ batek proiektuari jarraipena eman diezaion», Balerdik bere garaian proposatu zuen bezala.