Hego Euskal Herriko zaldunei buruzko liburua

0

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Los caballeros vascos y navarros en el siglo XVIII. Honores, ascenso social y repercusiones en el territorio’ liburua argitaratu du, Yolanda Aranburuzabala Ortiz de Záraterena. 1700etik 1808ra bitartean Ordena Militarrean eta Karlos III.aren Ordenan abituak lortu zituzten Hego Euskal Herriko zaldunak aztertzen dira liburu horretan. Lanak agerian uzten du Hego Euskal Herriko zaldunek ordezkaritza handiegia izan zutela monarkia osoan, “XVIII. mendeko orduaren” ondorioz, non Borboiek boterea eskuratzearekin batera Hego Euskal Herriko pertsona ugarik goraldi sozial eta politikoa izan baitzuten.

Karlos II.a hil zenean eta Felipe V.ak –Borboi etxekoak– Espainiako tronua lortu zuenean, oinordetza gatazka bat egon zen, eta gatazka horren inguruan sortutako egoerak aparteko aukera eman zien atzerriko eta penintsulako periferiako gizonei –hala nola Hego Euskal Herrikoei, kantabriarrei eta Burgoseko, Soriako eta Errioxako menditarrei– monarkia berriaren agintaritza taldeetan sartzeko. Iparraldekoak ziren, kaparetasun unibertsala zuten eta, askotan, merkataritzarekin lotutako enpresen parte izaten ziren; hala, penintsularen iparraldearen eta Europa zein Amerikaren arteko merkataritza sareak eratzen zituzten enpresa horien bidez. XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Espainiako merkataritzaren zirkuitu inperiala menderatzera iritsi ziren, eta gailentasun horrek hurrengo mendera arte iraun zuen. Negozio gizon aberatsak ziren, errege finantzetan parte hartu zuten, Koroarekiko eserlekuetan eta ogasun administrazioan egon ziren, eta askotan, erregearen bankari nagusi bihurtzeraino ere iritsi ziren.

Aipaturiko liburuan jasotako ikerketak halako pertsonen ikuspegi orokorra ematen digu, eta horien ezaugarri ugari aztertzen ditu, hala nola jatorri geografikoa, profil sozioprofesionala, mugikortasun geografiko eta soziala, izandako gorakadaren oinarrian egon ziren familia mekanismoak eta horien igoera ekonomikoak –eta ohorezkoak– jatorrizko lurraldeetan izandako ondorioak.

Horretarako, 1700 eta 1808 artean ordena militarretako (Done Jakue, Alcántara eta Calatrava) eta Karlos III.aren Ordenako kide izan ziren Hego Euskal Herriko zaldunetan ipintzen du arreta. Konparaziozko testuinguru orokor bat ezartze aldera, ordena horietan egon ziren zaldunen guztizkoa zenbatuz hasten da lana, aldi hori guztia eta hispaniar monarkiaren lurralde osoa kontuan izanik. Guztira, 5.588 pertsonarentzako 5.650 abitu eta gurutze zenbatu ditu egileak, eta pertsona horien banaketa geografikoa aztertu du jaioterrien arabera. Eskualde bakoitzeko biztanleriaren eta zaldun kopuruaren arteko erlazioak agerian uzten du penintsulako «kapare iparraldeko» lurraldeek ordezkaritza handiegia zutela: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Kantabria, Burgos iparraldea eta Errioxa. Beste modu batean esanda, Felipe V.aren erregealditik Borboien monarkiaren agintaritza taldeetako harrobi nagusi izan ziren kapare proportzio handia izan zuten lurralde haiek.

Gainera, abitu eta gurutzeen lorpena senidetasun talde batzuen dinamikan txertatzen zen, non horien sare sozialek bereziki konektatzen baitzuten monarkarekin eta horren ministroekin. Horregatik, abituen eta gurutzeen banaketak agerian uzten du, halaber, nola birmoldatu zituzten Borboiek erresumetako eliteak: kargu eta ohoreen bidez. Koroak hainbat baliabide erabiltzen zituen erregearen zerbitzarien ahaide jakin batzuei igotzen laguntzeko eta, ahaide zehatz horietatik harago, profil jakin bat izango zuen klase politiko borboitar bat eratzeko; ohoreak entregatzea, hala, baliabide horietako bat izan zen.