Hondartzetako jende-kopurua 2019ko maila berean mantendu da Bizkaian

0

Aurten hondartzetara joan den jende-kopurua iazkoaren oso antzekoa izan da Bizkaian uztailaren 31ra arte, nahiz eta aurtengo denboraldia berezia izan, besteak beste, ohi baino hamabost egun beranduago hasi zelako, ekainaren 15ean. Egun horretatik uztailaren 31ra 1.504.561 izan dira gure lurraldeko hondartzetara hurreratu diren pertsonak. Zifra hori asko hurbiltzen zaio 2019an hondartzetara gerturatutako 1.563.685 pertsona-kopuruari, eta 2018ko 1.004.023 pertsona-kopuruaren gainetik dago.

Kopuruak iazko denboraldiaren lehenengo erdian izandakoen oso antzekoak badira, nagusiki, uztailean izandako hazkundeagatik da; izan ere, hilabete horretan 2019an baino jende gehiago egon zen hondartzetan (% 5,17 gehiago), hain zuzen ere, 1.055.914 pertsona. Ekaineko datuak 2019ko datuen oso antzekoak dira: 448.647 pertsona, iazko 559.662 pertsonen aldean; hala ere, kontuan hartu behar da aurreko denboraldia ekainaren 1ean hasi zela, eta ez 15ean.

Uztailean jenderik gehien izan duten hondartzak hauek izan dira, hurrenkera honetan: La Arena (138.287 pertsona), Ereaga (118.296 pertsona), Gorliz (112.197 pertsona) eta Plentzia (101.894). Ekainean jenderik gehien izan zutenak La Arena (59.972), Ereaga (57.653), Gorliz (48.341) eta Arrietara-Atxabiribil (45.9069) izan ziren.

Aurtengo udako berezitasunetako bat hondartzak erabili eta arautzeko esparru orokorra izan da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalerriek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko ezarritakoa. Bertan, hondartza bakoitzaren ezaugarri partikularrak hartzen dira kontuan (udalerri bakoitzak bere kontingentzia-planean jaso ditu ezaugarri horiek) eta osasun-arloko agintariek aire zabaleko guneak seguru erabiltzeko ezarritako gomendioak dira oinarri. Esparru orokor horren barruan hondartzen okupazioa ebaluatzeko sistemak ezarri ziren, osasun-arloko agintariek une bakoitzerako ezarritako segurtasun-tartea gordetzearren.