Perseverance rover-aren Marterako jaurtiketa erakutsi du Zientzia eta Teknologia Fakultateak

0

Juan Manuel Madariaga irakasleak zuzentzen duen IbeA ikerketa taldeak NASAren Mars2020 misio espazialean parte hartuko du. Zehazki, roverrak daraman Supercameko tresnen kalibraketan oinarrituko da bere zeregina, Marteko gainazaleko harkaitzak eta lurzorua aztertzeko. Misioko kide direnez, ikertzaileek NASAren kanal bat eta tresnaren funtzionamendua erakusten zuen beste kanal bat erabili ahal izan dituzte.

NASA Mars 2020 izeneko misioan ibilgailu bat garraiatuko da Curiosity ‘Rover’-a ordezkatzeko (Marten dago 2012tik). Hauek dira misio berri honen helburuak: egon daitezkeen bizi aztarnak esploratzea, eremu bizigarriak aztertzea eta Marteko klimaren, atmosferaren eta geologiaren ikerketa hobetzea.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa taldeak oso aktiboki parte hartzen du SuperCam tresnan. Hala, guztira, ofizialki onartutako zazpi ikertzailek parte hartzen dute Mars2020 misioko Zientzia Taldeko kide gisa.

Taldea misioaren hainbat alderditan ari da lanean 2015etik, eta, besteak beste, honako gai hauetan lagundu du: SuperCam kalibratze-laginen homogeneotasuna egiaztatzen, Jezzero kraterraren mapa egiten, tresna Marten dagoenean nola funtzionarazi jakiteko eragiketa-ariketetan, eta Martetik iristen den informazioa ahalik eta denbora laburrenean interpretatzeko datu-baseak operatibo izaten.

«Hemendik aurrera, IBeAko kideok aztertuko diren arroken, lurzoruen eta sedimentuen osaerari dagokionez egunez egun iristen diren emaitzak interpretatzen lan egingo dugu, bai eta 2027tik aurrera Lurrera itzuliko diren 40 laginetatik bat ateratzeko adinako garrantzia duen tokia erabakitzeko prozesuetan ere. Lan hori guztia UPV/EHUko Leioako Campuseko Martina Casiano Plataforma Teknologikoan eraikitzen ari diren Operazio Zentroaren bidez egingo da. 2021eko udaberritik aurrera jende guztiak bisitatu ahal izango du Operazio Zentro hori, eta bertan zuzenean ikusi ahal izango dira Supercamek analisi-prozesu globalean Martetik jasotako irudiak, baita egun horretan misioaren operazioetan lanean ari diren IBeAko kideak ere «, iragarri du Juan Manuel Madariagak, taldeko buruak.