Diasporaren Egun birtuala, Diasporaren Astea bihurko da

0

Pandemiaren urte honek aurrez-aurreko bilera guztiak baldintzatu ditu, eta orain artean Diasporaren Egunak ekitaldi nagusi bat izana zuen Euskal Herrian –iazkoan Bizkaiko Ispasterren– eta beste hamaika munduan zehar beste hainbeste euskal etxe eta komunitatetan. Aurtengoak, bistan da, are birtualagoa beharko du izan, eta bateko eta besteko ideiak aztertu ostean, Jaurlaritzak adierazi du, aurten 8a asteartean tokatzen denez, ideia ona izan daitekeela ospakizuna, birtualki bada ere, aste osora zabaltzea, norberak dagoen ordutegitik aste horretran zehar parte hartzeko aukera handiagoa izan dezan.

Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaritzako buru Gorka Alvarez Aranburuk mundu osoko euskal erakundeei helarazitako gutun batean berresten du Urkullu lehendakariaren konpromisoa jarduera horretan parte hartzeko eta eskatzen die Euskal Etxeei lehenbailehen bideo bat bidaltzea, Euskal Diasporaren Egunaren inguruko ekimenen berri ahalik eta osatuena zabaldu ahal izateko, irudi guztiekin bideo egoki bat osatzearren.

Aurten, beraz, ekitaldi apalago bat egitekotan da, Iñigo Urkullu buru, Eusko Jaurlaritzaritza, Gipuzkoako herri batean hain zuzen ere. Ekitaldi instituzional horretan herrialde eta euskal etxe desberdinetako dantzariek hartuko dute parte birtualki, bakoitza dantza bereko zati labur bat dantzatuz eta dantza, guztien artean osatuz, bideo batean. Honen antolaketan aurrera doaz munduko euskal etxeetako arduradunak eta Jaurlaritza.

Bestalde, euskal etxe bakoitzari helarazi zaizkion jarraipideen artean, bideoak grabatzeko aholkuak ere baitaratzen dira, horien artean nagusietako batzuk: beti horizontalean grabatzea, sekula ez bertikalean; grabatzen hasi aurretik eta ondotik segundu batzutako tartea uztea; agertzen diren jendeak identifikatzea; kalitate minimo batekin grabatzea; bost minutukoak izatea gehienez; zarata handiak ekiditea; edota bidaltzerakoan, wetransfer bidez bidaltzea, ez whatsappez, besteak beste.