Kaliforniatik euskal meza ematen segituko du udan online aita Anttonek

0

Kaliforniako Mercedetik, bertako Our Lady of Mercyko elizatik igandero internetez euskaraz eta ingelesez Berpizkunde Igandez ematen hasi ziren mezek aurrera diraute eta sendotu egin dira euskal fededun katolikoen asteroko hitzordu gisa, aita Antton Egiguren apez frantziskotarraren eskutik. Datozen asteetan ere (ikus beherago), igandero daude iragarrita mezak, beti ere egun edo aste bakoitzari tokatzen zaizkion euskal-amerikar festa eta piknikak gogoan –hauek kantzelatuta egon arren– eta tokiko euskal komunitateak eta horietako gaixo eta hildakoen oroiz.

EuskalKultura.eus-ek gaurtikm aurrera abuztuan buletina emitituko ez duelarik, hemen uzten dizkizuegu irailera bitartean aurreikusita dauden meza hitzorduetako batzuk. Gogoratu meza Kalifornian goizeko 8:30ak direnean eman ohi duela (Euskal Herriko 17:30etan) Estatu Batuetako euskaldunen omonier edo kapelaua den aita Anttonek eta Artzai Ona euskal elkarte katolikoaren Facebook-etik segi daitezkeela zuzenean; edo behin gertatu eta gero hor bertan geratzen dela grabaketa, nahi duenak noiznahi ikusentzun ahal izan dezan.