Musika korala eta Jazza protagonista Getxoko Muxikebarri zentroan datorren astean

0

Abuztuan, Getxoko Muxikebarri zentroak bi musika-saio hartuko ditu. Lehenengoan, hilaren 10ean, astelehenean, bertoko Biotz Alai abesbatzak ohiko San Lorentzoko kontzertua eskainiko du. Abuztuaren 14an, ostiralean, Itxaso González abeslariak eta José Luis Canal pianistak osatutako bikoteak jazz doinuak gerturatuko dizkie zaleei.

Biotz Alai abesbatzaren kontzertua 22:00etan izango da Ereaga aretoan eta, ohi denez, ahots baxuen talde ezagun horrek errepertorio anitza eskainiko du, Juanlu Díaz-Enparanzak zuzenduta. Oraindik badaude saio honetarako gonbidapenak, Algortako zein Romoko Kultur Etxeetan jaso eskuratu daitezkeenak.

Jazz kontzertuari dagokionez, 20:00etan izango da Arrigunaga aretoan. Euskal jazz eszenako ahots erakargarri eta iradokitzaileenetako bat da Itxaso Gonzálezena. Azken garaietan, sonoritate jakin batean bila, gitarrak ahalbidetzen duen tinbre-ekarpenean sakondu arren, pianoarekiko harremana betidanik izan da bizi eta atsegingarria. Oraingo honetan bikotean jardungo da José Luis Canalekin piano-jotzailearekin, beste proiektu batzuk partekatzen dituenarekin.

Esparru itxietako ikuskizunen osasun-araudira egokitzeko, kontzertuak izango diren aretoetan edukiera murriztu egin da eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Halaber, antolatzaileek gomendatzen dute denbora nahikoren ikuskizunera ailegatzeko, publikoa mailakatuta sartu ahal izateko (aretoetako ateak 45 minutu lehenago irekiko dira), eta segurtasun-tartea zaintzea.