Andramari jairik ez denez izango, «arduraz eta errespetuz» jokatzeko eskatu du udalak

0

Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan erakundeak datozen egunetara begira; izan ere, ez da Andramari jairik izango aurten herrian. Elkarlanerako deia egin du alkateak, tabernariek nahiz Udaltzaingoak ez dutelako «lan erraza» izango datozen egunetan eta egoerak «eskuetatik ihes» inori egin ez diezaion.

Andramari jairik ez da izango aurtengoan Azkoitian, eta udalak «arduraz eta errespetuz» jokatzeko eskatu du. Egun horietan osasun gomendioekin eta osasuna bermatzearekin bat ez datozen portaerak egon daitezkeela ikusteak «kezka» eragiten duelako egin du eskaera erakundeak. Udaleko alderdi guztietako ordezkariek mezu argia zabaldu nahi izan dute: Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu. Hain zuzen ere, lelo hori aukeratu du erakundeak datozen egunetara begira martxan jarri duen sentsibilizazio kanpainarako.

Javier Zubizarreta alkateak norbere erantzukizunean jarri du arreta: «Distantzia, maskara eta eskuen garbiketa. Badakigu zein den formula, baina laugarren osagai bat behar-beharrezkoa da: arauak betetzeko bakoitzaren determinazioa. Hori guztia gabe, emaitza oso kaltegarria izan daiteke. Horregatik, eskatzen dut, eskatzen dugu, mesedez, zentzuz ibiltzeko gutako bakoitzaren portaera giltzarri delako».

Azkoitiko alkateak azaldu duenez, «lastima» da festetako zapia kaxoian gordeta eduki behar izatea. «Pena da, nola ez, baina bizi izan duguna bizita, guztiok konprometitu beharra daukagu eta gure elkartasuna erakutsi festarik ez-eko egunetan ere».