Azkoitian 90 urte betetzen dituzten herritarrek oroigarriak jaso ditzakete

0

Aurten ez dute egingo 90 urteko herritarrak omentzeko bazkaria, baina Plaza Ondo elkarteak eta udalak oroigarriak banatuko dizkiete adin hori duten herritarrei. Jubilatuen elkartearen bulegoan jaso beharko dute oroigarria osteguna bitartean.

Plaza Ondo elkarteak eta udalak omenaldia egiten diete urtero 90 urte betetzen dituzten herritarrei, eta aurten ere jasoko dute aitortza, baina beste modu batean. Izan ere, andramarietan egin ohi den ospakizun bazkaria ez dute gauzatuko koronabirusak sortutako egoera tarteko, baina oroigarri bana jasoko dute 2020an 90 urte betetzen dituzten gizon eta emakume guztiek.

Plaza Ondok eta udalak dagoeneko bidali diete jakinarazpena 90 urte betetzen dituzten herritarrei, eta horiek edo horien familiakoren batek jaso beharko du oroigarria egunotan. Hain zuzen ere, osteguna izango da horretarako azken eguna. Herritarrek 10:00etatik 12:00etara bitartean jaso beharko dituzte oroigarriak Plaza Ondo jubilatuen elkartearen bulegoan.