Xabi Orozek ACB ligan jokatuko du

0
PRUEBA

ACBk orain astebete egin zion Gipuzkoa Basketi datorren denboraldian liga horretan jokatzeko gonbidapena, epaitegi batek hala egiteko agindu ostean. Astebetean osatu du taldea Gipuzkoako klubak, hainbat fitxaketa eginda. Lau jokalarik segituko dute taldeak; tartean, Xabi Oroz joko antolatzaile eta kapitain azkoitiarrak.

Delteco Gipuzkoa Basketek ACB ligan jokatuko du datorren denboraldian, eta dagoeneko osatu du taldea. ACBk joan zen astean egin zion Donostiako klubari liga horretan jokatzeko gonbidapena, eta hainbat fitxaketa gauzatuta, prest du hamabi jokalariko taldea Gipuzkoa Basketek.

Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) joko antolatzaile eta kapitainak taldean segituko du, baita beste hiru jokalarik ere: Johnny Deek, Mikel Motosek eta Julen Olaizolak. Gainerako zortzi jokalariak azken astebetean fitxatu ditu taldeak. Donostiako taldeak laster hasiko du denboraldi-aurrea, eta ACB liga irailaren 18an hasiko da.

ACB ligak uztailaren 30ean erabaki zuen hemezortzi taldek osatuko zutela maila horretako denboraldia, eta ez zela ez igoerarik ez jaitsierarik izango. Hori horrela izanik, Estudiantesek eta Fuenlabradak –sailkapeneko azken bi taldeak– mailaz jaistea sahiestu zuten, eta Urrezko LEB ligako lehen bi sailkatuek, Valladolidek eta Gipuzkoa Basketek, ez zuten mailaz igotzeko paradarik izan. Dena den, Bartzelonako auzitegi batek Gipuzkoa Basketen alde egin zuen, eta ACB behartu zuen Donostiako taldea liga horretara gonbidatzera. Valladolidek ez du mailaz igotzeko eskaerarik egin.

Xabi Orozek 2014 urtean egin zuen debuta ACB ligan, Gipuzkoa Basketekin. Denboraldi hartan Iraurgi Saskibaloi Taldean jokatzen zuen azkoitiarrak, baina lan saioak GBCrekin egiten zituen. Gipuzkoa Basketek 2016an fitxatu zuen azkoitiarra, eta orduz geroztik, talde horretan jokatzen du.