Hezkuntza Sailak Enplegu Publikorako Eskaintza datorren abenduan egingo du

0

Hasiera batean ekainerako aurreikusita zegoen eta COVID-19ren ondorioz atzeratu behar izan zen Enplegu Publikorako Eskaintza datorren abenduan egingo da. Hezkuntza Sailak data berriak ezartzen dituen Agindua argitaratu berri du.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du epeei eta denbora-erreferentziei buruzko Agindua.

Agindu berriak ezartzen duenez, oposizio-faseko lehen proba 2020ko abenduan egingo da, hil horretako hirugarren asteburuan, betiere osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu. Era berean, izangaiek kontuan hartu beharreko epe hauek ere zehazten ditu:

  • Irailaren 30etik urriaren 9ra: izangaiek programazio didaktikoa aurkeztu beharko dute.
  • 2021eko lehen hiruhilekoan, merezimenduak aurkezteko zortzi eguneko epea irekiko da. Hezkuntza Sailak behar den aurrerapenez iragarriko du data.

Izena emateko ireki diren epeetan (otsaila-martxoa tartean lehenik, eta ekaineko lehen egunetan ondoren) 6.042 izen emate izan dira EPE honetan parte hartzeko. Dena den, izangai horiek guztiek programazio didaktikoa aurkeztu beharko dute, zehaztutako epeen barruan, oposizio-faseko lehen proba egin ahal izateko.

Erabaki honekin, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da lan egonkortasuna dakarren prozesu hau burutzea, honek hezkuntza-sistemaren kalitatean eta milaka profesionalen bizi-proiektuan duen eragin zuzenaren jakitun baita.

Hezkuntza Sailak uste du osasun-egoerak aukera emango duela lan-eskaintza publikoa adierazitako egunetan egiteko. Unea iristean, osasun-agintariek prozesua ez egitea gomendatuko balute, Sailak ahalik eta lasterren jakinaraziko du data aldatu beharra, egoera horrek interesdunen artean eragin ditzakeen eragozpenen jakitun.

Hezkuntza Sailak, 2020ko EPE honen bidez, 1.148 plaza eskaintzen ditu guztira honako bi kidego hauetarako:

  • Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoa: 1.021 plaza
  • Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa: 127 plaza