Bilboko Udaleko Gobernu Taldeak gaur onartu du 2021eko udal zergak eta tasak beren horretan uztea. Beraz, indarrean jarraituko dute gaur egungo ordenantza fiskalek. Horrekin batera, zergadunentzat dauden onura fiskalak eta ordaintzeko erraztasunak mantenduko dira.
Azken hilabeteotan egoera ekonomikoak izan duen bilakaera aztertu ondoren egin da proposamen hori, COVID-19aren pandemiak eragin duen jarduera orokorraren geldialdiaren ondorioz. Horri gehitu behar zaio Bilboko herritarrei eta uriko enpresa-sareari laguntzeko borondatea.
Neurri honen bidez, zergei eusteko ahalegina egingo da udal-sarreren diru-bilketan beherakada handia izan den une honetan baina, era berean, aukera ematen du azken urteetan Udalak hartutako konpromisoarekin jarraitzeko, udal-kontu saneatu batzuk finkatzeko, zergadunari karga gehiago eragin gabe.