Josu Zubillaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak atzo arratsaldeko prentsaurrekoan baieztatu zuenez, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze erreskatatzeko lanetan ari ziren ertzainek giza-hezur bat aurkitu zuten Zaldibarko zabortegian.
Zabortegia erori eta sei hilabetera, Ertzaintzak hezur bat aurkitu du baskularen beheko aldean, ondoan tela dagoela, egituraren parte zen 15 metro luzeko metalezko xafla baten azpian. Desagertutakoen arrasto bat aurkitzeko probabilitate handiagoa egotea zen eremuan izan da aurkikuntza.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, aurkikuntza igande arratsaldeko 17:00ak aldera egin dute, eta segidan ingurua hesitu eta bilaketa lanak geldiarazi dituzte.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuak eta Aitor Zulueta Ondare Naturala eta Klima-aldaketarako zuzendariak premiazko agerraldia egin dute igande arratsaldean, aurkikuntzaren berri emateko. Zubiagak azaldu duenez, 23 metroko indusketa egin dute, «zortzi solairuko eraikina bateko sakonera», eta aurkitutako hezurra gizaki batena dela baieztatu du.
«Hemendik aurrera, zonaldea mugatuko dugu, era kirurgikoago batean arituko gara, kontu handiagorekin», azaldu du, «arrastoak babestu behar ditugu, hortaz, orain arte erabilitako makineriarekin ezin dugu jarraitu, arkeologia lana egokitzen zaigu orain». Oihalei dagokienez, ohartarazi du «erabat ezagutezinak direla», sei hilabete lur azpian eta 70 graduko tenperaturekin lixibiatuta egon ostean.
Bihartik aurrera, aurkitutako hezurrari «analisi zientifikoa egingo zaio», baina Sailburuak ohartarazi duenez, DNA probak «hainbat egunez» luzatuko dira.
Amaitzeko, «pazientzia apur bat» eskatu die Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen familiei, sei hilabeteko lana «fruituak ematen hasi delako».
Bestalde, Aitor Zuluetak adierazi du igande honetako aurkikuntza otsailean egindako antolakuntzaren emaitza dela. Izan ere, sei hilabete inguruan gaur heldu diren lekura iristea espero zuten. «Itxaropen eguna zen gaurkoa, geneukan informazioaren arabera, bertan gorpuzkiak aurkitzeko aukera handiagoa baitzegoen», gaineratu du.