Bilboko Udalak adingabeak edukirik gizarte bazterketan dauden familientzat programa berri bat sustatu du

0

Bilboko Udala, orain ere, #Bilbao Aurrera Planeko neurriak abian jartzen ari da COVID-19 gaitzak gogorren erasan dituen kolektiboengan izango dituen ondorioei aurre egitearren.

Oraingo honetan, Udal Institutuak hitzarmen berri bat sinatu du, 330.000 eurokoa, Gaztaroa-Sartu entitatearekin, etxebizitza bat eskuratzen laguntzeko pandemiaren ostean gizarte bazterketa eta etxegabetzea jasan duten edo jasateko arriskuan diren familiei. Zehazki, neurri hau adingabeak dituzten familientzat da, prebentzioa eta gizarteratzea nahiz babesa eskaintzeko.

Horrela, Udalak laguntza eskaintzen die gizarteratzeko bidean arreta profesional sozio-hezkuntzazkoa behar duten familiei, dela komunitate inguru inklusibo batean bizimodu beregaina eroateko gaitasunei eutsi diezaieten, dela eragin sozial eta ekonomikoa leuntzearren txirotasunean egonik krisi sanitarioaren ondoren egoera larriagotu zaien etxeetan.

Ekimen hau #Bilbao Aurrera Planaren barruan dago hau da, Bilboko Udalak larrialdi sozial, ekonomiazko eta kulturazkoaren aurrean landutako programaren barruan, zeina 15 milioi euroz baitago hornitua, eta 50 neurri baino gehiago baitakartza, salbuespenezkoak eta aldi baterakoak, COVID-19aren krisi sanitarioak uriko pertsonei eta entitateei eragindako ondorioak leuntzeko, kolektibo eta pertsona horiek suspertzeko eta ondorio txarretatik beren oneratzeko. Plana, bestalde, hitzartua da Udalean ordezkaritza politikoa duten talde guztien artean.

Udalaren aurrekontuan plan ezohiko horri aurre egiteko gordetako diru partidan, 2,2 milioi euro izendatu dira “ezkutu sozial” gisako ekintzetarako, egungo egoerak erasanik arreta berezia behar duten pertsona guztientzat, dela diru-sarrerarik ez dutelako, edo bazterketa sozialeko egoeran dauden adinduak eta pertsonak direlako, edo familia, emakume eta haurrentzako.