Ertzaintzak Añorga auzoko trastelekuetatik hainbat eskopeta eta karabina lapurtu dituzten gazteak atxilotu ditu Donostian

0
PRUEBA

Ertzaintzak joan den ostiralean salaketa baten bidez jakin zuen ustez lapurreta egin zutela Añorga-Errotaburu auzoko bi garajetan. Salatzailea hilaren 13 arratsaldean ohartu zen garajeetako leihoak manipulatuta eta ateak zabalik zeudela, eta hainbat gauza falta zirela, besteak beste, 12 kalibreko hiru eskopeta erdiautomatiko, aire konprimatuko lau karabina eta 500 kartutxoko kaxa bat.  Era berean, salatu zen bi bizikleta, mendiko bat eta paseoko bizikleta gorri bat, kutxa gotor bat, maleta bat eta arrantzako materiala ere lapurtu zituztela.

Ertzaintzak hilaren 15ean 19 urteko gizon bat identifikatu zuen Tolosa Hiribidean, adierazitako gaztea kalean aparkatuta zeuden bizikletak lapurtzen saiatzen ari zela jakitera eman ziotenean. Agenteak jabetu ziren gazteak ez zuela inolako sinesgarritasunik, eta berarekin zeraman bizikleta kendu zioten. Handik bi ordura herritarren segurtasunerako beste patruila batek Errotaburuko pasealekuan beste bizikleta batean zihoala identifikatu zuen akusatua. Bizikletan saski beltz bat eta arrantzako tresneria zuen poltsa bat zeraman, eta agenteei aitortu zien bizikleta ez zela berea eta Añorgara joateko behar zuela.

Horren aurrean, agenteek bizikleta kendu zioten eta inputatu egin zuten.

Igande goizaldeko lau eta erdiak aldera, partikular batek Ertzaintzari jakitera eman zion gizon bat Amasorrain kaleko trasteleku batzuk zabaldu nahian ari zela, eta ikusi zutenean ihes egin zuela eta Añorgarako bidea hartu zuela. Adierazitako lekura hurbildu ziren agenteek 19 urteko susmagarria aurkitu zutenean, honek hainbat zauri zituen, dirudienez ihesi zihoala erorita eginak. Gaztea hilaren 13an garaje batetik lapurtutako bizikletarekin bat zetorren bizikleta gorri batean zihoan, eta, gainera, auto batetik lapurtutako eskularru batzuk eta kasko bat zeramatzan.  Gaztea polizia-egoitzara eraman zuten behar bezala identifikatzeko eta adierazitako egintzak inputatzeko, eta, ondoren, aske utzi zuten.

Garajeetan lapurreta egin zuen gazteetako bat izan zitekeela eta desagertutako armak eduki zitzakeela susmatuta, jarraipen-dispositibo bat jarri zuten abian uniformatu gabeko agenteekin. Atzo, igandea, goizeko 10:00etan agenteek ikusi zuten susmagarria Añorga auzoko pabiloi abandonatu batera sartu zela.  Agenteak konturatu ziren ikertzen ari ziren gaztea garajeetan lapurtutako poltsaren moduko batekin irten zela pabiloitik, eta gaztea geldiarazi egin zuten, beraz. Pabiloian sartu eta miaketa egin zutenean, agenteek lapurtutako hainbat objektu, hiru eskopetak, lau karabinetatik hiru eta kartutxoak aurkitu zituzten.  Horrez gainera, beste bi bizikleta, maleta bat, kutxa gotor bat eta arrantzako hainbat kainabera aurkitu zituzten. Ertzainek atxilotu egin zuten 19 urteko gizonezkoa indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.  Ikerketari esker igande arratsaldean identifikatu eta atxilotu zuten garajeetan lapurreta egin zuen bigarren gaztea, 18 urtekoa, eta honi lapurtutako beste karabinetako bat atzeman zioten. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, bi atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte.