Josean Lekue: “Aldaketetara egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izango da”

0

Josean Lekue Athletic Clubeko zerbitzu medikoen buruak hedabideen galderei erantzun zien denboraldi-aurrean ohikoa den prentsaurrekoan. Zerbitzu medikoen arduradun nagusiak erakundeak datozen hilabeteetan izango dituen erronkak errepasatu zituen.

Jokalarien egoerari dagokionez, “Egoera orokorra ona da. Hiru aste bakarrik gelditu direnez, uste dugu jokalariek ez dutela arazorik izango Liga hasteko. Atsedenaldia laburra da, beraz, gaitasun-galera txikiagoa da, eta berriz lanean hastea errazagoa izan daitekeela susmatzen dugu”.

Lesionatuen inguruan galdetuta, Yuri Berchiche eta Peru Nolaskoain aipatu zituen Lekuek. Ezker hegalekoari dagokionez, “Aurreko denboraldiko azken fasean izan zuen pubalgia jasaten jarraitzen du. Banakako plan bat egin dugu, lehiaketa hasi aurretik berreskuratzeko”. Zentrala, Deportivorekin jokatuz lesionatu zen, sendatzen ari da eta aparte jarraitzen du lanean. Lekueren arabera, bi kasuetan “Liga hasteko prest egongo dira”.

Pandemia egoerak jokalariei nola eragiten dien zalantzaren aurrean, Lekuek kirolarien egokitzeko gaitasunaren garrantzia azpimarratu zuen: “Alde mentala kalibratzen zailena izango da. Egoera zalantzazkoa da, eta beraien buruetan izango duen eragina kudeatzea zaila da. Egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izango da haientzat: badakite edozein unetan egon daitekeela beren planak aldatuko dituen aldaketaren bat “.

Covid-19k emandako positiboen eta jarraitu beharreko protokoloen inguruan, Lekuek azaldu du: “Sei kutsatuak ez daude geldirik etxean. Banaka ari dira lanean. Gure foku nagusia osasuna da. Hamar egunen buruan, lehenengo PCR test bat egingo diegu, eta, negatiboa bada, hiru egunen buruan beste bat egingo zaie. Bietan negatibo ematen badute, taldearekin normaltasunez bat egin ahal izango dute “.