Bilboko alkateak Polizia-koordinazioko Batzordea zuzendu du

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren arteko Polizia Koordinazioko Batzordea gidatu du gaur goizean udaletxean.

Batzarra Udaletxeko Batzorde Aretoan egin da. Alkateaz gain, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Amaia Arregi Bilboko Segurtasuneko zinegotziak parte hartu dute, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko beste arduradun batzuekin batera.

Batzordea urtero bildu ohi da, data hauetan. Bi polizia-kidegoek daukaten lankidetza-politikaren testuinguruan egiten dira batzarrok, informazioa trukatzeko eta prebentzio-lana egiteko helburuz.

Oraingo honetan, COVID-19ak sortutako osasun-egoera aztertu da segurtasunaren ikuspegitik, Euskadin Osasun Larrialdia aldarrikatu ondoren hartu diren azken neurrien aplikazioari arreta emanez, baita ondorengo egunetarako aurreikuspenei eta plangintza operatiboari ere.

Jaiak ospatu ohi diren datetan pertsonen pilaketa eta herritarren osasuna arriskutan jar lezaketen portaerak prebenitzea eta delituak eragoztea izan da batzorde honen lanaren muina.