Bizkaiko Aldundiak 4,1 milioiko inbertsioa egingo du autobidearen eta Kareagako eta Aparkabisako biribilguneen arteko lotuneak hobetzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak irailean hasiko ditu A-8 eta BI-644 errepideen arteko lotuneak hobetzeko lanak. Aparkabisa eta Kareaga biribilguneen arteko errepide zatiak autobidea industrialdeekin, Bizkaia Aparkabisa garraio-zentroarekin eta Megapark eta Max Center merkataritza-guneekin lotzen du. Hori dela eta, trafiko handia jasaten du bide horrek, batez beste 54.000 ibilgailu inguru egunean, eta horietatik 4.000 ibilgailu astunak dira.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak adierazi duenez, lanak irailean hasiko dira eta 16 hilabete eta erdi irautea aurreikusi da. Bere esanetan, inguru hori seguruagoa izatea, sarbideak hobetzea eta zirkulazioa arinagoa izatea lortu nahi da. Asmo horrekin, Foru Aldundiak 4.133.892 euroko inbertsioa egingo du hainbat jarduketa gauzatzeko Aparkabisako biribilgunean, BI-644 errepidearen adarrean, A-8tik sartzeko bi adarretan eta Kantabriarako noranzkoan autobidera sartzeko adarrean.