Uztailera arte 4.085 milioi euro bildu dira Bizkaian

0

Uztailera arte Bizkaian 4.085,2 milioi euro bildu dira itundutako zergen bidez. Kopuru hori 2020ko guztirako bilketa-aurrekontuaren %50,2 da, eta iazko aldi berean bildu zena baino %19,7 gutxiago da. Bi ekitaldiak alderatuta, aurtengo uztailerako iazko uztailerako baino 1.005,2 milioi gutxiago bildu dira.

Aldi honetan, Bizkaiko bilketan eragin handia eduki dute jarduera ekonomikoaren geldotzeak eta Foru Ogasunak Bizkaiko zergadunen likidezia hobetzeko (batez ere mikroenpresa, ETE eta langile autonomoena) eta ekonomiaren sektore ahulenek eragin ekonomiko are handiagoa ez jasateko ezarri dituen neurriek.  Besteak beste, PFEZ, ondarearen gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaintzeko aldia atzeratu da, langile autonomoen atxikipenen ordainketa eten da, eta ezohiko kenkariak ezarri dira. Neurri horiek guztiak kontuan eduki behar dira 2020ko uztailera arteko bilketa 2019ko uztailera artekoarekin alderatzean.