Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabalik

0

Covid19-ak eragindako osasun larrialdiaren egoeraren ondorioz, higiene zein segurtasun neurriak errespetatzeko Aritzbatalde kiroldegiko funtzionamendua guztiz aldatu behar izan da eta kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa da.

“Datorren ikasturtera begira, higiene eta segurtasun neurriak bermatzeko, oraingoz soilik lehorreko ikastaroak jarriko dira martxan eta iazko eskaintza bera izango da. Igerilekuan egiten ziren ikastaroak ez dira martxan jarriko hasiera batean, pandemiaren bilakaeraren arabera aldaketak egon daitezkeen arren” azaldu du Leire Aranak (EAJ-PNV), Kirol zinegotziak.

2020-2021 ikasturteko ikastaroak irailaren azken astean hasiko dira, irailaren 28an hain zuzen. Lehentasuna martxoan hasi zen konfinamenduaren aurretik izena emanda zuten erabiltzaileek izango dute, eta abuztuaren 28rarte izango dute izena emateko aukera.

Abuztuan egon ziren ikastaroetako erabiltzaileak abuztuaren 31etik irailaren 4ra bitarte egin ahalko dute izen ematea, prozesu berdina jarraituz.

Azkenik irailaren 7tik 18ra bitartean geratu diren plaza libreetan izena emateko aukera egongo da. Bertan ikastaroetan parte hartu nahi duen orok izena eman dezake eta ondoren zozketa bidez erabakiko lirateke plaza horiek.

“Izen emate hauek ez dute plaza ziurtatzen. Ikastaro bakoitza aurrera aterako den edo ez pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko dira, osasun sailak edo Udalak hartzen dituen neurrien arabera”, azpimarratu du Aranak.

Ikastaroetan izena emateko orria HEMEN eskuratu daiteke eta kirola@zarautz.eus helbidera bidali, baita harreran aurkeztu ere. Ordainketa plaza ziurtatzen denean egin beharko da.