Bilboko Udalak jende pilatzeak eragotzi nahi ditu

0

Bilbo datorren zapatuan hasiko zatekeen 2020ko Aste Nagusia ospatzen. Bertan behera utzi behar izan zen, ostera, osasun sanitarioa dela-eta. Udalak gogorarazi nahi du erantzukizunez jokatu beharra dugula, baita Bilboko Aste Nagusia ospatuko zatekeen egun horietan ere, alegia, abuztuaren 22tik 30era, eta saihestu egin behar dugula familiak eta kuadrillak elkarretaratzea.

Juan Mari Aburto alkateak ere galdegin zien duela egun batzuk eragile sozialei ez antolatzeko inolako ekitaldirik, hartara jende pilatzeak susta ez daitezen, eta, betiere, “herritarrentzako errespetuagatik, erantzukizunagatik eta elkartasunagatik”; oraingo aldi honetan, berriz, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia zuzendu zaie herritarrei, eskaera hori berrituz.

Aste Nagusi orotan bezala, aurten ere zuen konplizitatea eskatuko dizuegu. Ez, ostera, jai dibertigarriak, alaiak, umoretsuak eta erasorik gabeak ospatzeko…ezpada ulertu dezazuen zergatik ez dugun ospatuko Aste Nagusia, eta guzti-guztiok joka dezagun erantzukizunez, guztion osasuna dago-eta jokoan”, zehaztu du zinegotziak.

Jaiak bertan behera uztearen gainean, Itziar Urtasunek hau adierazi du: “erabaki gaitzak izan dira, oso gaitzak, baina uste osoa dugu erabaki ona izan dela ez deitzea milioi bat pertsonari baino gehiagori; hori da elkartu ohi garen jende kopurua, Aste Nagusiko ekitaldiak ospatzera biltzen garenean”. Hori dela-eta, ezagutza agertu die erakundeei, ezinbestekoak direlako herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

Bilboko Udala hasi da jadanik datorren urteko Aste Nagusia prestatzen, eta Itziar Urtasunek dei egin die bilbotarrei datorren urteko jai horiek har ditzaten gogoan, “proposatzen dizuet, berriro poztearren, has gaitezela 2021eko Aste Nagusia irudikatzen, historiako Aste Nagusirik bereziena izan dadin. Nahi dugu datorren urteko Aste Nagusia oso berezia izatea. Bilbok atzera ere izango ditu munduko jairik onenak datorren urtean”, adierazi du Urtasunek.