Garbiker-ek Artigas Aretoko azpiegitura teknologikoak eta edukiak eraberritzeari ekin dio

0

Garbiker foru sozietate publikoak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari atxikita dagoenak, Bizkaiko Hondakindegiei buruzko Ingurumen Hezkuntzako Zentroko (Artigas Aretoa) azpiegitura teknologikoak, laguntza-elementuak eta edukiak eraberritzeari ekin dio. Eraberrikuntzaren lizitazioa abian dago dagoeneko; aurrekontua 423.500 eurokoa da, eta aurtengo udazkenerako amaituko da.

Zentro berezi hau ezinbesteko erreferentea da gure lurraldeko hondakinen kudeaketarako sistemaren berri zabaltzeko. Izan ere, zentro honetan hondakinen prebentzioa eta kudeaketa iraunkorra azaltzen dira, berrikuntza eta Bizkai osoa ardatz hartuta, kalitate handiko informazioa emanez eta ingurumenarekiko konpromisoa zabaltzeko eta sustatzeko baliabideak erabiliz, helburua herritarren artean ingurumenarekin hobeto jokatzeko jarrerak hedatzea dela.

Nolanahi ere, Artigas Aretoko azpiegitura teknologikoa zentroan abioan zeneko (2004) estandarren araberakoa da, eta horregatik arazoak daude bertako ekipoak eta gailuak mantentzeko eta berrizteko. Gainera, hondakinen kudeaketan bertan eta Artigasko Ekoparkean, batik bat, izan den bilakaeraren ondorioz zentroko eduki eta elementuetako asko zaharkituta gelditu dira.

Horregatik, zentro honen eraberrikuntzaren azken helburua gaur egun go gizartera eta teknologiara egokitzea da. Zentroaren gaur egungo funtsionamenduaren funtsa errespetatu nahi da, baina oraingo dinamikari uko egin gabe, erabiltzaileen esperientzia ahalik hoberena izan dadin. Horrez gainera, asmoa da zentroaren mezua zabaltzeko behar diren baliabide guztiak egotea, eta baliabideok iraunkorrak izatea, eta mantentzen eta ordezten errazak, gainera.