Stzerriko inbertsio zuzena erakartzeko munduko seigarren hirik onena da Bilbo

0

Financial Times argitalpen-taldearen inbertsioan espezializatutako fDi Intelligence zerbitzuak adierazi du Bilbo dela, tarteko tamainako hirien artean, atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko estrategiagatik etorkizun handiena duen seigarren hiria, eta, aldi berean, Europako hirugarrena eta estatuko lehenengoa ere bada.

fDi Intelligence zerbitzuak bi urtero argitaratzen ditu sailkapen meritokratikoak, eta nazioarteko ospe garrantzitsua izan ohi dute. Tier 2 Cities of the Future 2020/21 sailkapenean mundu osoko hirien indargune ekonomikoak, enpresa-ehuna eta finantza-gaitasunak aztertu dira. Kasu honetan, sailkapenaren xedea da tarteko tamaina duten eta atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko estrategian etorkizun handia duten hiriak ezagutzera ematea.

Financial Times taldearen arabera, zerrendan sartu dituzten hiriak, tarteko hiriak, ez dira hiriburuak izan behar eta biztanleen kopurua 200.000 eta milioi baten artean egon behar da. Gainera, oro har, lidergo onagatik, hiriaren marka indartsuagatik eta mentalitate globalagatik nagusitzen dira. Ezaugarri horiei esker, inbestitzaileek mota horretako hirietan jartzen dute arreta, potentzial handia duten horietan, alegia. Bilbo horietako bat da.

Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoari dagokionez eta bere aintzatespenak kalitate-zigilu bat dira horiek jasotzen dituzten hirientzat.

AURREKO AINTZATESPENAK

Ez da Financial Times taldeak Bilbo aintzatesten duen lehenengo aldia, lehenago ere Europako hiri garrantzitsueneko multzoan sartu baitzuen. 2019. urtean, tarteko tamaina duten Europako hiri onenetakoen multzoan sartu zuen atzerriko inbertsio zuzena jasotzeari dagokionez.

2018. urtean, fDi European Cities & Regions of the Future Awards saria jaso zuen hiriak, eta, horrela, inbertsioa erakartzeko eta atxikitzeko politikak eta jarduketak garatzeko eta negozio-aukerak sortzeko Europako hiri nagusietako bat izatera iritsi zen.

Bilboko Udalak hiri adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuaren ondorioz, 2016. urtean, hiribilduak bi sari jaso zituen “fDi Strategy Awards” sarietan: “Smart City” eta “Education Cluster” kategorietakoak, hain zuzen ere.