103 proiektu aurkeztu dira Azkuna Zentroko «Babestu. sorkuntza garaikideari laguntzeko programa» berezian

0

Guztira, 103 proiektuk Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak abian jarritako Babestu. Sorkuntza garaikideari laguntzeko programa berezian parte hartzeko aukera izango dute. Sorkuntza sustatzeko deialdi bat da, tokiko testuinguruko artistek eta kultura-eragileek Covid-19aren krisiak eragin ahal izan dituen prozesuak eta ikerketak garatzen jarrai dezaten.

Balorazio Batzorde batek, Azkuna Zentroko lantaldeko kideek eta arte-sektorean ibilbide profesional aitortua duten kanpoko pertsonek osatua, proiektuak aztertuko ditu, eta aukeratuko ditu, Azkuna Zentroaren euskarriaz, aholkularitzaz eta bitartekaritzaz gain, 6.000 euro jasoko dituzten hamar proiektuak. Epaia irailaren 9tik aurrera jakinaraziko da.

Aukeraketa honetan, praktika artistikoei heltzeko modu berriak esploratzen dituzten eta Azkuna Zentroaren programazio-ildoekin (arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, kultura digitalak, literatura eta gizartea) elkarrizketan dauden proposamen artistiko, kultural eta sortzaileak lehenetsiko dira. Proiektuak Azkuna Zentroan garatu eta aurkeztuko dira.

Aurkeztutako 103 proiektuek askotariko gaiak jorratzen dituzte (teknologia gure gizartean, alkimia, natura, migrazioa, kontsumo digitala, genero-berdintasuna, identitatea), egungo gizartearen isla dira eta diziplinarteko moduan garatuta daude. Proposamen gehienetan, prozesuek garrantzi handia dute, eta komunitateak horietan duen inplikazioari balioa ematen diote. Testuinguru artistiko hurbilenetik datozen artisten eta kolektiboen proiektuak dira.